Leurtzako urtegia kudeatzeko enpresa publikoa eratu dute Beintza-Labaien eta Urrozko udalek

Ttipi-Ttapa 2023ko ots. 8a, 19:00
Leurtzako aisialdirako natur eremua zaintzeko enpresa publikoa sortu dute Beintza-Labaien eta Urrozko udalek.

Leurtzako urtegiko aisialdirako natur eremua ustiatu, kudeatu, mantendu eta zainduko duen enpresa publikoa eratzeko lehen urratsa eman dute Beintza-Labaien eta Urrozko udalek. Hain zuzen, bi udalek batzarrean hartu zuten erabaki hori eta otsailaren 2ko Nafarroako Aldizkarian argitaratu eta jendaurrean ikusgai jarri dute. Hilabeteko epea dute herritarrek alegazioak edo iradokizunak aurkezteko. Behin epe hori akituta enpresa publikoak kudeatuko du aisialdirako natur eremua.

Jon Telletxea, Beintza-Labaiengo alkateak aipatu digunez, «kontuak eramateko eta fiskalitate aldetik dauden arazoak konpontzen lagunduko ditu enpresa publiko honek. Abokatu talde batekin eta Nafarroako Gobernuko Ingurumen departamentuko teknikariekin egon eta ikusi dugu nola egin zitekeen».

Izan ere, Leurtzako natur gunearen kontabilitatea Urrozko udalak eramaten zuen orain arte eta «bi herrien kontuak pixka bat nahasten zituen eta lan-karga bat eragiten zuen. Orain, enpresa publiko berriarekin, udalen kontuetatik independente izango da. Diru-laguntzak ere zuzenean kudeatuko ditu enpresa horrek eta udalen bizkar gainetik kenduko du zama hori».

Beintza-Labaiengo alkateak gogoratzen duenez, 2020ko udazkenean ehun ibilgailurendako aparkalekua egin behar izan zuten bi udalek, Leurtza ingurura hurbiltzen zen jendetzak autoa uzteko lekua izan dezan. «Pandemia garaikoa izugarria izan zen –dio Telletxeak– momentu kritikoak ere izan ziren, kotxeak bide bazterrean utziak eta larrialdi baterako ez zuten anbulantzia bat edo suhiltzaileen kamioi bat pasatzeko lekurik uzten».

Ondotik, proba pilotu gisara bertze aplikazio bat ere martxan jarri zen joan den urtean, aparkatzeko lekua erreserbatzeko eta kudeatzeko, Aste Santutik hasi eta udazkenera bitarte martxan izaten dena, «gehiegizko masifikazioa izan ez dadin». Garai horretan bi herrietako langileak izaten dira ingurua zaintzen, «normalean bizpahiru, baina izan dira lau langile ere izan ditugun garaiak, horko jarduerak kontrolatzeko eta hobetzen joateko».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun