Karroza hauen eta Igandea txarangaren ondotik, haur eta gurasoek osatutako Karibeko piraten itsasontzi dotorea agertu zen, zenbait ikusle harrapatuz eta lortuz. Hurrengo karrozan, gaztetxo batzuk ehizean ari ziren. Mani Manitak karrozak, bertze gazte batzuk motoak konpontzen zituzten dantza eta dantza artean. Bertze karroza ikusgarri batean, ballet dantzari “fin” batzuk Donostiako Kontxako hondartzako barandaren gainean dantzatzen zuten, monitorearen kantuz eta musikaz lagunduta. Sunbillako Zahar Etxeak karrikara atera zituen egoiliarrak eta tarteka, taka-taka utzi eta dantza ikusgarriak ere eskaini zituzten, rock doinuekin. Bakarren batek erizainen zaintza bereziak behar izan zituen, baina ederki pasatu zuten. Golf Fest karrozan, golfean aritu ziren eta guraso eta haurren bertze karroza batean Peter Panen abenturak biziberritu zituzten. Joan den mendeko txirrindulari lasterketak ere izan ziren Sunbillan, Perico Delgadoren garaipenarekin. Bidasoko Tren Txikitoren irudikapena ere ikusgarria izan zen, guardia-zibil, apez, trenaren erabiltzaile eat bertzelako xehetasun guztiekin. 1990. Hamarkadara bueltatu ziren bertze gazte batzuk, La ruta del bakalao eginez, bakailau mozorroekin. Desfilea akitzeko, Sunbrilla Bitx hondartza ederrean eguzki epelean etzan ziren bertze gazte batzuk.
Eguerdian 120 bat lagun bildu ziren bazkaltzera frontoian eta bi magrak eta bildotsa zozketatu zituzten. Bildotsa Elizondoko Aaron Altzugaraik eskuratu zuen eta magrak Patxiku Apeztegia eta Joxe Mari Alzuri sunbildarrek.