Inauteriak 2023

«Aurten eskean aterako gara eta hagitz gogotsu gaude»

Ttipi-Ttapa 2023ko urt. 25a, 12:00

17 eta 18 urteko Sunbillako bi neska gazte dira Ane Etxalar Zugarramurdi eta Iradi Arretxea Otxandorena

Etxalar batxilergoa egiten ari da Lekarozko institutuan, eta eskubaloia, bertsolaritza eta besta dira bere zaletasunak. Arretxeak, berriz, admnistrazio eta finantzako goi-zikloko ikasketak egiten ditu Elizondoko Lanbide Eskolan, eta mendira joatea, besta egitea eta lagunekin egotea du gustuko. Musikariak dira biak, eta Eguberrietan Olentzerorekin kalejiran urtero ibiltzen badira ere, urtarrilean pandereta eta trikitixa gordetzeko eta mozorroak ateratzeko garaia dute.

Inauterietarako prest

Ttikitatik ezagutzen dute elkar, eta kuadrilla berekoak izanda, elkarrekin aterako dira bertze behin herriko inauterietan. «Urteko astebururik hoberena dela» diote, «herritar guziak gogotsu egoten gara, eta nahiz eta gutti izan, hagitz giro polita eta berezia sortzen da herrian». 

Haurrak zirenetik parte hartu izan dute inauterietan, eta hainbat jarduera gogoratzen dituzte goxotasunez; «eskolarekin ortziralean egiten genuen jaialdia, larunbat arratsaldean Ulibeltzak elkarteko txokolatada eta Agerralderekin izaten zen dantzaldia». Azkeneko urteetan, berriz, «ortziraleko arratsa eta igandeko karrozen desfilea» dute gustukoen.

Eskean lehenengoz

Hala ere, aurten inauteri bereziak izanen dituzte, izan ere, hamasei urte beteta, eskean ateratzeko aukera dute biek. Azkeneko urtetan inauteririk ospatu ez denez, aurten izanen dute lehenbiziko urtea etxez etxe ibiltzeko, eta «hagitz gogotsu» daude biak. «Ttikitatik ikusi izan ditugu gazteak etxez etxe eta baserriz baserri ibiltzen, eta aurten gu ere hor egonen garela pentsatzeak ilusio haundia egiten digu».

«Ortzirale arratsa nabarmena da adin guzietako herritarrak elkartzen garelako» 

Ongi ikasia dute ortziraleko eta larunbateko plana: «bi egunez ibiltzen gara eskean. Ortziralean gosariarekin hasten gara, eta gero bi taldetan banatzen gara. Talde bakoitza uhaldearen alde banako baserrietara joaten da, eta egun guzia baserriz baserri ibili ondotik, berriz ere denak elkartzen gara, batera afaltzeko. Afalondoan bestara ateratzen gara eta giro ederra izaten da Ulibeltzak elkartean eta herriko ostatuan. Larunbatean, aldiz, berriz elkarrekin gosaldu eta herrian barna eskean ibiltzen gara».

Hala ere, Eguberrietan praktikatu zuten, lehenbiziko aldiz atera baitziren eskean azken oporretan; «esperientzia arront polita izan zen. Arratsaldean hasi eta arrats guzian ibili ginen eskean. Herritarrak hagitz eskuzabalak izan ziren eta musikarekin etxe eta baserri aunitz alaitu ahal izan genituen».

Desfilerako gogotsu

Igandeko ekitaldi nagusia karrozen desfilea izaten da, eta bertan gogotsu parte hartzen dute; «ttikitatik atera izan gara, lehen gurasoekin eta orain kuadrillan, eta beti emozioz bizitu izan dugun eguna izan da». Abenduan hasi ohi dira karrozak pretatzen, «Eguberrietako oporrak probestuz». Hala ere, beti «azken momentuan prisaka eta ezin akituz» ibiltzen direla aitortu dute. Aurten berandu hasiko dira dena prestatzen, «jende gutti elkartu gara eta».

Sunbillako inauteriak bereziak direla diote; «bertze herrietatik etortzen den jendearentzat igandeko desfilea izaten da ikusgarriena, kuadrillen karrozez gain, desfilea irekitzen duten hiru karrozek salda beroa, opilak eta tortilla banatzen dituztelako». Herritarrentzat, berriz, «ortzirale arratsa nabarmena izaten da, adin guzietako herritarrak elkartzen garelako». 

Azkenik, mundu guztia animatu nahi izan dute «inauterietan parte hartzera eta ongi pasatzera!».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun