Gazte Burrunba
Herriko gazteek osatutako elkartea da Gazte Burrunba, eta «bestak, ateraldiak eta mota guzietako ekintzak» antolatzen dituzte. «Beti nago antolakuntzako gauzetan sartua, Gazte Burrunba dela, dantza taldea dela edo bertze edozein ekintza. Gainera, herria bizirik mantentzeko gazteen parte-hartzea ezinbertzekoa ikusten dut eta nik ere horretan lagundu nahi nuen».
Nahiz eta elkartearen helburua gazteentzako gauzak antolatzea eta herriko gazteria elkartzea eta mugitzea izan, «herri guziarentzako ekintzak antolatzen ditugu. Aurten hilabetero ekintza bat antolatzen ari gara: pilota ateraldia, talo jatea, sagardotegi ateraldia, mendi itzulia, Burrunbaren eguna… beraz, erranen nuke herri osoaren elkartasuna eta mugimendua bultzatzen dugula».
Gazteen presentzia handitu nahian
Urte osoan antolakuntza egun finkoak ditu elkarteak: inauteriak, San Pedroak, errebestak… «baina aurten Gazte Burrunbaren presentzia handitu nahi genuen eta aipatu bezala zerbait antolatzena ari gara hilabetero. Oraingoz pilota partida ateraldia, talo jatea, sagardotegia, Burrunbaren eguna eta mendi itzulia egin ditugu, eta urtea amaitu baino lehen egiteko bertze hainbertze ekintza ditugu buruan».
«Gazteen eta herritarren arteko elkartasuna da garrantzitsuena»
San Pedro bestetan txozna irekitzen dute egunero plazan, «eta aurten gazte eguna ere antolatu dugu orztegunean, ekainaren 30ean; bertso saioa, gazte bazkaria eta elektrotxaranga izanen dira, bertze ekintzen artean». Bestetako mus txapelketa antolatzeaz ere arduratzen dira, «ortzirale goizean izanen da eta ondotik luntxa eginen dugu». Arratsaldean peñen ateraldia eginen dute herriko karriketatik barna.
Guztira 100 kide ditu elkarteak, «baina juntan zehazki 14 gaude eta guk hartzen dugu lan pisutsuena. Orain arte guttiago ginen eta jendea bilatzen aritu gara baina duela gutti sei pertsona gehiago sartu dira lanekin laguntzeko».
Herrian gazteen presentzia «hagitz garrantzitsua» dela dio Estangak, «aunitz gara eta herria bizirik mantentzen laguntzen dugu. Baina dudarik gabe, garrantzitsuena gazteen eta herritarren arteko elkartasuna da. Guk eman ditzakegun eta bertze herritarrek eman ditzaketen ideiak bateratuz, besta politak eta herrikoiak sor ditzakegu. Azkenean, hori da helburua, herriko bestak herritarrek egitea».
Bestak berrartzeko gogoz
Bestak «dudarik gabe» gogotsu hartuko ditu; «geldirik egotea aunitz nabaritu da eta lehengo martxa hartzen hasi garela gazteengan gogoa ikusi da. Aurtengoak bereziagoak izanen dira horregatik».
«Nire inguruko edozeini galdetuta bestazalea naizela erranen dizu» aitortu du Estangak, «beti kanpoan egoten naiz bestetan, etxea eroriz gero niri ez dit harrapatuko (irriz)». Herriko zein inguruko bestak «hagitz gustuko» ditu; «lagunekin eta herritarrekin elkargune moduko bat sortzen da. Ingurukoekin denbora pasatzeko momentu aproposa da, urtean zehar lagunekin bakarrik egoteko joera izaten dugu eta bestetan hainbertze ikusten ez dugun jendearekin elkartzen gara. Izugarri gustatzen zait herri elkartasun hori eta denok denorekin egotea. Doneztebarrak ator eta zapiarekin ikusteak emozionatzen dit».
«Doneztebarrak ator eta zapiarekin ikusteak emozionatzen dit»
Herri eta gazte bazkaria eta plazako eta txoznako giroak ditu gustukoen; «kanpoan egiten diren ekitaldiak ahalik eta gehien disfrutatzeko probesten dut. Ostatuak urte guzian ditugu, bestak plazan egoteko dira!».
Ohitura zaharrak mantentzen
Bestazalea izateaz gain, dantzaria ere bada Estanga, «10 urte inguru nituelarik hasi nintzen». Beraz, bestetako ikuskizunetan parte hartzen du; «29an beti dantza emanaldia egiten dugu frontoian. Hagitz polita izaten da eta jendea ikustera etortzera animatu nahiko nuke».
Gainera, duela 27 urte Trapatan dantza eta berreskuratu zuten Doneztebeko bestetan; «dantzaria eta doneztebarra bazara, Trapatan dantza eta bandera dantza momentu hunkigarria da zalantzarik gabe. Herriko ohitura zaharra da eta polita da mantentzea». Ikusi edo dantzatu, dantzatzea nahiago du; «ohitura hori mantendu behar da, eta gero eta jende gehiagok dantzatu, hobe!».
Azkenik, «espero dut aurtengo bestak gogoekin hartzea denok eta besta herrikoi eta politak izatea! Gora Doneztebeko gazteak eta gora Gazte Burrunba!».