Montse Pacha

«Bi urteren ondotik pila bat eskertzen dut jendearen irribarreak berriz ikustea»

Ttipi-Ttapa 2022ko eka. 26a, 09:00

«Donezteben bizi den neska baztandarra» da Erreka Guraso Elkarteko Montse Pacha (Baztan, 1982) eta «jendearekin harremantzea eta kozinatzea» du gustuko. «Arras pertsona soziala naiz, ez zait geldirik egotea gehiegi gustatzen». Eta noski, bestazalea ere bada, «lehen eta orain, ongi pasatzea gustuko dut».

Buelta bestetara

Azken bi urte hauen ondotik, «arras gustura» hartuko ditu herriko bestak; «azken bi urtetan izan ditugun traba guztiak eta gero, berriz ere elkartzen ahalko gara, txarangaren gibeletik ibili, pote batzuk hartu, jendea disfrutatzen ikusi… arras polita izanen da».

Herritarren artean ere bestetarako gogoa ikusten du, «jendea gogotsu dago, bai. Adibidez, bestetan erraldoiekin dantzatzeko talde bat sortu dute eta entsaiatzen dabiltza duela aste batzuk». Bestarako gogoa «adin guzietako jendeak duela» dio Pachak, «eta ekitaldi dezente izanen dira denok disfrutatzeko». Bi urte hauetan «jendearekin nahi nuen guztia elkartu ezin izatea» izan da gogorrena berarentzako, «eta pila bat eskertzen dut berriz jendearen irribarreak ikustea!».

Bestak bizitzeko moduak

Orain gurasoa dela, «arras modu desberdinean» bizitzen ditu herriko bestak; «lehen arratsalde eta gauez disfrutatzen nuen: kontzertuekin, gaupasa eginez, gosaltzera joaten…». Orain, berriz, «egunez bizi ditut gehiago bestak: txarangaren gibeletik, eguerdi eta arratsaldeko poteoarekin, erraldoi eta buru-haundiekin… baina desberdina izanagatik, ez ditut guttiago disfrutatzen». Hala ere, bestaren bat edo bertze egiten du beti: «bezpera eguna beti markatuta dugu egutegietan!».

Helduentzako ez ezik, «haurrentzako ere gauzak antolatzen dira bestetan eta ttikiek ere disfrutatzeko aukera dute. Hala ere, zerbait gehiago nahi izanez gero, gurasoen inplikazioa beharrezkoa dela uste dut».

Azkenik, Pachak adierazi nahi izan du «herria eta batez ere pertsonak errespetatuz besta politak izanen ditugula», eta «egoera arruntera bueltatu garela probestu behar dugula ongi pasatzeko. Gure artean elkar maitatu eta mundu guziak ongi pasatzea espero dut, eraso sexistarik ez ditugu onartuko! Aupa Doneztebe! Ongi pasa herriko bestak!».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun