Bestak «beti gogotsu» hartzen direla dio Utergak, «gainera, bi urte txar eta gero eskertzen dira deskonektatzeko eta momentu txarrak ahazteko egun hauek». Herritarren artean ere bestetarako gogoa nabaritzen du; «jendea gogotsu dago lehengo normaltasun hartara bueltatzeko eta bestak lehen bezala ospatu ahal izateko». Azken finean, «gehixeago edo gu- ttixeago baina denak gara bestazaleak».
Herriko bestak «lagunartean eta familiarekin ongi pasatzeko eta herriaz gozatzeko egunak» dira berarentzako, eta bezpera du egunik gustukoena; «hor lehertzen baita dena».
Normalean urtarrilean hasten dira antolaketa lanetan, «taldeak, txaranga etab, lotzen». Aurten, ordea, «beranduxeago hasi gara eta arazoak izan ditugu taldeekin gehienbat». Besta egunetan ere «lan pixka bat egin behar da, baina saiatzen gara zinegotzien artean ardurak banatzen». Hala ere, herriko gazteen laguntza dute; «antolakuntzan nahiko inplikatzen dira, bileretan parte hartzen dute eta haien iritzia kontuan hartzen dugu».
Erronkarik handiena «jendearen parte hartzea handiagoa izatea» dela dio Utergak, «gero eta herrikoiagoak, gero eta politagoak dira bestak».
Egitaraua prestatzean ere «adin tarte guztientzako zerbait izatea eta ahalik eta egun gehienetan» da helburu nagusia. Gainera, eskualdeko artista eta musikariak ezagutzera emateko «aukera ona» dela dio, «eta ekitaldi kulturalak urte guztian antolatu eta sustatu behar direla uste dut».
«Ttikienentzat egunero zerbait sartzen» saiatu dira aurten, «eta urteroko dantza saio eta bertzelakoei bi hitzordu azpimarragarri gehitu dizkiogu: Oinatz Bengoetxeak parte hartuko duen pilota jaialdia eta erraldoien konpartsa berrituaren parte-hartzea».
Bestak bertze modu batera bizitzen ditu orain; «dena ongi joatea, deus txarrik ez pasatzea eta jendea pozik gelditzearen ardura dugu». Guraso izateak ere besta egiteko modua aldatzen du, «baina denerako denbora izaten da bestetan».
Denek ongi pasatzeko egunak dira hauek, eta «eraso sexisten aurkako protokoloa erabili behar ez izatea nahiko nuke. Jendearen inplikazioa beharrezkoa da gai honekin bukatzeko».
Azkenik, «azkeneko urte txar hauetan ez bezala, mundu guztia gonbidatu nahi dut Doneztebeko bestetara etortzera, ongi pasatzera eta errespetuz betetako besta batzuetan parte hartzera».