22. Korrika

Korrika Ttikia egin dute Donezteben

Ttipi-Ttapa 2022ko api. 8a, 11:15

Doneztebeko eskolako Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikasleek, irakasleek eta gurasoek parte hartu zuten atzo eguerdian egin zuten Korrika Ttikian. Eskolatik abiatuta mailaz maila eta eskuz esku ibili zen euskararen aldeko lekukoa. Estalpe berrian borobildu zuten lasterketa. Han mezua leitu eta musika izan zuten. Bideoa: Erreka Guraso Elkartea.

Gaur eta bihar herri gehiagotan egitekoa dute Korrika Ttikia.

Ortziralea

  • Leitza: 10:30ean hasita, Korrika Ttikia eginen dute Leitzako kaleetan barrena. Eskolako kideek eramanen dute lekukoa eskuz esku. 
  • Areso: 12:30ean hasiko da Korrika Ttikia, eta eskolako lagunek lekukoa eskuz esku emanez ibilbidea osatuko dute herrian barrena. Gero, Korrikaren mezua irakurriko dute eta bukatzeko Korrikaren koreografia dantzatuko dute ikasleek, irakasleek, gurasoek eta herritarrek. Festarekin bat egiteko deia luzatu dute Nazabal eskolatik. 
  • Lesaka: 11:00etan Matxinbeltzenean elkartuko dira Tantirumairu ikastolako, eta Irain eskolako ikasleak Korrika Ttikirako. Herriari buelta eman ondotik, plazan bukatuko dute. 
  • Etxalar: 12:00etan eskolatik hasi, eta plazarainoko ibilbidea eginen dute Etxalarko Korrika Ttikian. Eskolako ikasleek eramanen dute lekukoa, eta eskolako familiei beraiekin bat egiteko deia luzatu diete eskolatik. 
  • Igantzi: 13:30ean Sarrolan hasi, eta eskolarainoko ibilbidea eginen du Igantziko Korrika Ttikiak. 
  • Arantza: 16:00etan hasiko da Korrika Ttikia Arantzan, eta Bidebeberritik Bolinerako bidea eginen du. Bidean, eskolako ikasleez gain gazte asanbaladako kideek, Arantzako gazteek, Ekaitza elkarteak, Guraso elkarteak, Zahar Txokok, udalak eta Pelle Ttikiko kideek eramanen dute lekukoa. Ondotik plazan Korrikako dantza dantzatu, mezua irakurri eta merienda izanen dute. 
  • Ituren: Pulunpa eskolako kideek ere bat eginen dute Korrika Ttikirekin. 12:30ean eskolatik aterata lekukoa eskuz esku korrika ibiliko dira plazan bukatu arte. Bertan lekukoak duen mezua irakurriko dute, eta elkarrekin Korrikaren abestiaren koreografia dantzatuko dute. 
  • Legasa: 12:00tan hasita, Legasako eskolako ikasle, irakasle eta gurasoek ere bat eginen dute Korrika Ttikirekin. Lekukoa eskuz esku eramanen dute Legasan barrena. 
  • Narbarte: 12:30ean eskolan hasita 
  • Sunbilla: 17:00etan txokolatada izanen dute Ulibeltzak elkartean eta ondotik Korrika Ttikia eginen dute plazaraino. 18:30ean Txan Magoaren ikuskizuna izanen da udaletxeko ganbaran. 

Larunbata

  • Goizueta: Larunbat goizaldean Korrikan parte hartu ondotik, arratsaldean 16:00etan eginen dute Korrika Ttikia Goizuetan. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun