Doneztebeko Udalak informazio orri batean jakinarazi duenez, Merkatuko Plazako eta Bordatxoko aparkalekuak txukundu eta margotze lanak egin ditu. «Merkatuko Plazan 30 eta Bordatxon 50 aparkaleku daude orain». Aranzoko bidean «parking berria» sortu dutela ere adierazi du, 50 plazarekin. Eta gaineratu duenez, «dena aparkalekuetatik bi minutura dago».
Bertze aldetik, Alde Zaharra 20 km/orduko eremua dela eta «lehentasuna oinezkoek eta bizikletek» dutela nabarmendu du. Eta horrez gain, «aparkalekuak hobetu, txandakako plazak sortu (urdinez margotuak) eta zamalanak zehaztu ditugu».
Argi utzi du «ezin direla ibilgailuak espaloietan aparkatu, markatutako aparkalekuetan bakarrik aparkatu daitezkeela». Pasabideak erregulatzeko, berriz, udalarekin jarri behar da harremanetan.
Hasieran oharrak, gero isunak
Apirilaren 11tik maiatzaren 8ra bitarte, toki ezegokian dagoen kotxeak oharra hartuko duela azaldu du udalak. Maiatzaren 9tik aitzinera, berriz, toki ezegokian aparkatzeagatik isuna paratuko dute.