Aparkatzeko ordainpeko gune urdina paratu behar duenik ukatu egin du Doneztebeko Udalak

Ttipi-Ttapa 2022ko api. 5a, 08:00

Ordu eta erdirako aparkalekuak paratu dituzte Donezteben, mugikortasuna hobetzeko helburuarekin, baina ez dago ordainpeko ORA gunerik jartzeko asmorik.

Azken orduetan sare sozialetan eta mezularitza zerbitzuen bidez hedatzen ari da Donezteben ORA edo aparkatzeko ordainpeko gune urdina ezartzekotan direla. Gaztelera hutsean zabaldutako mezuetan, erabiltzaileek «berehala Doneztebeko Gune Urdineko APPa jausteko» modua izanen dutela aipatzen dute, baita «ordutegiak, prezioak eta isunak zein diren kontsultatzeko aukera». Gai honi buruz Leire Ortuoste Doneztebeko alkateari galdetuta, «guztiz gezurra dela» aipatu digu: «Doneztebeko Udalak ez dauka inolako asmorik ordainpeko gune urdinik ezartzeko herrigunean». Halere, gune urdinaren inguruko albiste faltsu hauen hedapena ez omen da Doneztebeko kontua bakarrik. Ortuostek ez du baztertzen ekintza hau salatu eta epaitegietarako bidea hartzea.

Doneztebeko Udalak urte hasieran aurkeztu zuen herrigunea bizigarriagoa izateko eta herriko mugikortasuna hobetzeko planaren aurkezpena, hiru ordenantza berritan oinarritua, baina inon ez da ageri ordainpeko gune urdina ezarriko duenik. «Ordu eta erdiko aparkalekuak badira, mugikortasuna hobetzeko helburuarekin, baina ez dugu OTA edo ordainpeko gune urdinik paratu eta ez dugu paratzeko asmorik ere» azpimarratu du Leire Ortuoste alkateak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun