Doneztebe bizigarriagoa izateko eta herriko mugikortasuna hobetzeko zer eginen duen aurkeztu du udalak

Ttipi-Ttapa 2022ko urt. 11a, 15:00
Leire Ortuoste alkatea eta Pello Grazenea hirigintza zinegotzia, berriki zolaberritu eta oinezkoendako egokiago paratu den Parrokia karrikan.

Merkatu Plazako eta Bordatxoko aparkalekuez gain, Aranzokoko bidean 50 autorendako aparkaleku  berria atonduko dute urtarrilean.

Doneztebe bizigarriagoa egiteko lanean ari da udala eta mugikortasun planaren barrenean egiten ari diren ekintzak aurkeztu dituzte gaur goizean udaletxean Leire Ortuoste alkateak, Pello Grazenea hirigintza zinegotziak eta komunikazio aholkulari lanak egiten ari den Oroitz Zabalak.

Leire Ortuoste alkateak aipatu duenez, «gure herria aspalditik arrastaka duen arazo bati irtenbide emateko ordua da, orain arte izandako udal gobernuek eta herritar guztiok aski ongi ezagutzen duguna. Herritarren bizi kalitatea hobetu nahi dugu, Doneztebe bizitzeko atseginagoa eta erosoagoa izatea. Eta horretarako, herriko mugikortasuna hobetzeko garaia heldu da».

Izan ere, Doneztebeko erdiguneko karriketan desoreka handia dagoela uste du udalak, «kotxeek espazio handiegia okupatzen dute, nonahi aparkatzen dira, bai espaloian, baita karrikan bertan ere. Berdin du kotxez, oinez edo bizikletan ibili, karrikak igarotzeko zailtasunak nabarmenak dira eta honek konponbide bat eskatzen du, aspalditik gainera».

Hiru ordenantza berri

Testuinguru honetan, Doneztebeko udalak 2019an parte hartze prozesu bat martxan jarri zuen herritarrekin, ostalariekin eta teknikariekin batera irtenbide bat bilatzeko. Pandemiak prozesu hau baldintzatu du baina, hala ere, arras aberasgarria izan da eta horren emaitza hiru udal ordenantza berri dira:

  1. Trafiko Ordenantza: otsaileko udalbatzarrean onartuko dute. Alde Zaharra 20 km/orduko zonaldea izendatuko du, oinezkoen eta txirrindularien eskubideak handituz, eta kotxeak espaloietatik ateratzeko aparkamenduak erregulatuko ditu.
  2. Badoen erregulazioa: hau ere otsaileko udalbatzarrean onartuko dute eta Doneztebeko beharrei erantzunez, bi bado modalitate sortuko ditu: permanenteak eta ordukakoak.
  3. Terrazen Ordenantza: abenduko udalbatzarrean onartu zuten eta karriketan oreka bilatu nahian, kotxeen, oinezkoen eta ostatuen arteko elkarbizitza arautzen du, ostatuen terrazak mugatuz eta segurtasun distantziak zehaztuz.

Interbentzio zehatzei dagokienez, azaroan eta abenduan hainbat karriketan seinaleztapen-horizontalak eta hobekuntzak egin dituzte, Parrokia karrikan espaloia handitu eta gehienbat oinezkoentzako prestatuko dituzte, zama lanentzako eta tokiak eta txandakako aparkalekuak sortu dituzte eta seinalizazio bertikal berria instalatu dituzte.

Eta Alde Zaharrean kotxeen kopurua murrizteko asmoz urtarrilean Merkatu Plazako eta Bordatxoko aparkaleku disuasio-neurriak atonduko dituzte eta Aranzoko bidean parking berria sortuko dute, 50 aparkaleku berrirekin. Hiru aparkaleku hauek erdigunetik gehienez bi minutura daude, herritarren eta bisitarien erosotasuna eta praktikotasuna erdigunean jarriz. «Honekin guztiarekin, kotxeen, oinezkoen eta bizikleten arteko bizikidetza indartzera goaz, bazen garaia. Honek guztiak ohitura aldaketa txiki batzuk ekarriko ditu, noski, eta guztion onurarako izanen da. Herriaren onurarako izanen da», aipatu du Leire Ortuostek.

Hobekuntza hauek ezagutzera emateko eta ohitura aldaketak laguntzeko komunikazio kanpaina bat ere martxan jarri dute, Gozatu karrika denona. Doneztebe a pie, en bici y en coche leloa duena. Horren baitan WhatsApp informazio kanala, kartelak, buzoiratzeko eskuorria eta bertzelako bitartekoak martxan jarri dituzte. «Karrika denona da eta denon artean gozatu nahi dugu. Karrikak paseatzeko, erosketak egiteko, jolasteko, senide eta lagunekin batzeko, hemendik harat mugitzeko, elkarrekin disfrutatzeko… egin dezagun karrika gozagarri! Egin dezagun Doneztebe bizigarri!», erranez akitu dute agerraldia Doneztebeko udaletxean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun