GARIKOITZ URROZ

«Orain arteko batzordeak Doneztebe Futbol Taldean egindako lan ederrari segida ematea izanen da lehen helburua»

Ttipi-Ttapa 2021ko abe. 22a, 08:00

Azken hamabortz urtetan Doneztebe Futbol Taldeko presidente izan den Jaime Sein eta bere lekukoa hartu duen Garikoitz Urroz.

Garikoitz Urroz Gelbenzu, Doneztebe Futbol Taldeko presidente berria.

Abenduaren 17an egindako ez ohiko batzarrean zuzendaritza batzordea berritu eta gaztetu zuen Doneztebe Futbol Taldeak. Lehen aldiz maila autonomikoan ari den futbol talde nagusiko bigarren entrenatzailea den Garikoitz Urroz Gelbenzu klubeko presidente ere izanen da datozen bortz urtetan. Elkartearen sortzaileetako bat eta azken hamabortz urtetan presidente izan den Jaime Sein ordezkatuko du. «Orain arte aritu direnen lana eskertu bertzerik ezin dezakegu egin, izugarria izan da eta», aipatu digu presidente berriak.

Zuzendaritza taldea oso-osorik eraberritu duzue Doneztebe futbol taldean…

Bai, lehendik aritu direnek utzi dute, baina inguruan izanen ditugu, laguntzeko prest. Talde osoa berria sartu gara.

Nola gogoratu zitzaizuen aitzinera pausua egin eta erreleboa ematea?

Egia errateko lehengoek urte aunitz zeramazkiten lanean, baina pentsatzen genuen noizbait nekatuko zirela eta erreleboa nahiko zutela. Duela pare bat hilabete edo juntako kideren batek aipatu zuen uzteko intentzio zebiltzala, nekatuak zeudela, 18-20 urte zeramazkitela lanean, 2003an kluba sortu zenetik batzuk eta gainerakoek ere urte aunitz. Hori dena ezin zen bertan behera utzi eta klubaren inguruan gabiltzan batzuk solasean hasi ginen, erreleboa eman behar zela eta lanean segitu beharra zegoela aipatu genuen. Lehengo juntak duela hilabete edo konfirmatu zuen utziko zuela eta orduan komentatu genuen batzuk solasean ari ginela lanean segitzeko, hilabeteko epe hori eman ziguten eta abenduko batzar honetan eman dugu pausua.

Zein asmo eta helbururekin hasi zarete lanean?

Orokorrean lan ona egina dute orain arte eta lan horri segida ematea izanen da gure lehenengo helburua. Azkenean, bailara guziari ematen zaion kirol zerbitzu bat da eta hori zaindu behar da. Oraindik lehengoekin elkartzen segitu behar dugu, gauzak nola egiten diren ikasiz, ez baita bakarrik ageriko lana egin behar, gibeletik badira lan aunitz ikusten ez direnak, paperak, etab… Horiek badute bere lana, baina ez da ikusten.

Zenbatsu jokalari eta bazkide ditu gaur egun Doneztebe Futbol Taldeak?

Gaur egun zelai handian futbolean konpetitzen bortz talde ari dira, seniorretan bi, jubenilak, kadeteak eta infantilak. Horietaz gain, alebinak eta benjaminak ari dira futbol-8an konpetitzen eta adin ttikiagoko bertze bi talde entrenatzen. Denera 200 bat futbolari. 

Arlo teknikoan ere aritzen zara, talde nagusiko bigarren entrenatzaile bezala… Presidente lanarekin uztartzeko modua izanen duzu?

Aurtengo denboraldia bigarren entrenatzaile moduan akituko dut. Badaezpada galdetu genuen posible ote zen bi gauzak egitea eta ez zuten inongo arazorik paratu. Heldu den urtean bertze ikuspegi batekin ikusiko dugu.

Talde nagusiak maila autonomikora igotzea lortu zuen azken denboraldian… Hori mantentzea garrantzitsua da Doneztebe Futbol Taldearentzat?

Bai, hagitz maila polita da. Kosta egin zaigu maila berrira egokitzea, baina lehen faseko azken hiru partidak irabazita, jautsiera faserako nahiko ongi gelditu gara sailkapenean. Helburu garbia da maila autonomikoa mantentzea, taldeari eta herriari eman beharreko bisibilidadea ematen diozu. Ikusten da taldeak hor konpetitzeko modua baduela eta horixe izanen da helburua.

2003an sortu zen Doneztebe Futbol Taldea, 2011ko abenduan inauguratu zen zelai berria, preferentera igoera, maila autonomikora igoera… horiek dira klubaren mugarri nagusiak?

Bai. Hasieran, 2003an, alebinetako taldearekin abiatu zen taldea. Gero, senior mailako taldea atera nahi genuen eta hori 2007an lortu zen. 2009an, seniorren taldea atera eta bi urtera Nafarroako kopa irabaztea lortu genuen erregionalean eta 2011n zelai berria lortzea handia izan zen. Ordura arte eskolako harri xeheko zelaian entrenatzen genuen, eta astero-astero, etxeko partidak jokatzera Iruñera, Atarrabiara edo Taxoarera joaten ginen… horrek nekatzen du. Bi astetik behin etxean jokatzea, etxeko zaleen babesarekin, zelai berrian… hori abantaila handia izan zen. Gero etorri ziren bi igoerak, preferentera lehenik 2015-16 denboraldian eta maila autonomikora 2020-21 denboraldian.

«2011n zelai berria lortzea handia izan zen: bi astetik behin etxean jokatzea, zaleen babesarekin… Hori abantaila handia izan zen»

Zein indargune eta zein ahulgune ikusten dizkiozu Doneztebe Futbol Taldeari?

Jokoz kanpo harrapatu nauzu, baina alde ona talde aunitz garela eta inguruan jende aunitz ari garela lanean, horiek azpimarratuko nituzke. Klubak ere laguntza handia dauka babesleen eskutik eta lehen taldea maila autonomikoan aritzeak ere laguntzen du horretan, hobe izaten da. Hobetzekoa izanen litzateke futbol zelaian bulego batzuk egitea, materiala eta arropa uzteko biltegi bat eta komun berriak egitea, hasierako obretako kabinekin segitzen baitugu.

Bertzerik…

Eskerrak eman orain arte zuzendaritzan aritutakoei, lan izugarria egin baitute. Gu gogoz eta ilusioz sartu gara hor, hau aitzinera eramateko gogoekin eta edozeinen laguntza eskertuko dugula, batzordean ez egonda ere laguntza emateko prest daudenek ateak zabalik dituztela.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun