Alazne UNTXALO

«Badira plaza utzi dutenak, bueltan etorritakoak, plazara salto egin ez dutenak… Baina guztiak gara bertsolariak»

Ttipi-Ttapa 2021ko urr. 12a, 10:00

Alazne UNTXALO ERREGERENA, Iturengo bertsolaria.

Estitxu Fernandezekin eta Estitxu Arotzenarekin murgildu zen bertso munduan Alazne Untxalo Erregerena (Ituren, 1989), Iturengo bertso eskolan. Hortik Malerrekako bertso eskolara egin zuen salto, eta «13-14 urte nituelarik talde finko baten parte izan nintzen Donezteben. Orduan egin izanen nuen lehenbiziko saioa, eskolartekoan, lau oinekin jende aitzinean kantari aritu baikinen Lekarozko institutuan». Geroztik eutsi dio zaletasunari eta «Oronoz, Baztan eta Iruñeko bertso eskoletako partaide» izateaz gain, plaza andanatan aditzen da bere izena, dioenez, «gehienbat Nafarroan», eta «gustura nago egiten dudan plaza kopuruarekin».

Txapelketetan ere hutsik egiten ez duen horietakoa da iturendarra. 17 urte baino ez zituela parte hartu zuen lehenbiziko aldiz Nafarroako Bertsolari Txapelketan, eta geroztik behin baino ez du hutsik egin. Aurtengo lehian ere hortxe ari da eta «ilusioz nago».

«Txapelketarako ailegatzeko bidean lagunekin bertso eskolan gozatzea garrantzitsua da  niretako»

Banakakoa ez ezik, Bardoak taldekako bertso ekimena ere hitzordu finkoa izaten da beretako. Eta parte hartu ez ezik, irabazi ere egin izan du, joan den urtean, hain zuzen. Txapelketak «erakusleiho moduko bat» iruditzen zaizkio eta «bertara ailegatzeko bidean lagunekin bertso eskolan gozatzea garrantzitsua da niretako».

Bertzetik, bera izan da, Irati Majuelorekin eta Joana Zigandarekin elkarlanean, Nafarroako emakume bertsolariak bildu eta hortik diskoa ateratzeko lanetan buru-belarri aritu dena, koordinazioaz eta grabaketaz arduratu dena. «Dena berria» izateaz gainera, «gauza aunitz» ikasi duela dio, eta kontent gelditu da emaitzarekin. Are gehiago, diskoaren bueltan eta ondotik egin dituzten aurkezpenei esker, beraien arteko «harremanak sendotu» direlakoan dago.

«Nafarroako bertsolaritzak badu etorkizuna, bertsolariak badaude eta badatoz»

Baikor mintzo da Nafarroako emakume bertsolarien egoeraz galdetuta: «Gero eta gehiago gara. Badira plaza utzi dutenak, bueltan etorritakoak, plazara salto egin ez dutenak… Baina guztiak gara bertsolariak, bakoitza bere modura edo bere ‘aldetara’». Eta etorkizuna ere bide beretik ikusten du: «Nafarroako bertsolaritzak badu etorkizuna, bertsolariak badaude eta badatoz». Berak ere bide horren parte izaten segitu nahi du, «kantatzeko plaza erosoak sortuz» eta «bertsolaritza hainbat modutan bizi daitekeela sinetsiz».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun