«Nafarroako bertso eskolen mugimendua sortu zen» garai hartan eman zituen «lehenbiziko pausoak» Fernandezek: «eskolarteko txapelketetan, idatzizkoetan, Baztan-Bidasoaldeko bertso-paper lehiaketan… Garai hartan bertso eskolatik txapelketetara bideratzen zuten, beharbada ez zegoelako bertze agertokirik». Eta bere irudiko, «orduan zeure burua ezagutzera emateko bideak txapelketak ziren».
Hala eman zuen izena Nafarroako Bertsolari Txapelketan, 19 urterekin: «Zortzi bat txapelketetan parte hartu nuen, lauzpabortz finaletan izan nintzen eta Euskal Herriko txapelketa batera ere sailkatu nintzen». Txapelketez gain, plazaz plaza ere ibilbide emankorra egin zuen: «bolada batez saio dezente egin nituen… Bertsotan aritzen ginen emakumeak gutti ginen, eta gazte nafarrak orduantxe hasiak ginen. Ordura arte Bittor [Elizagoien] zen Nafarroako bertsolari gazteena. Gero Estitxu [Arozena] eta Silveira [Xabier] hasi ziren, eta hurrengo urtean Iñigo Olaetxea, Amaia Telletxea eta hirurok. Bertsolaritza Nafarroan indartzen hasi zen garaia zen».
«25-26 urterekin plazan kantatzeari uztea erabaki nuen, ez nengoelako eroso»
Baina urte batzuetako kontua izan zen, «25-26 urterekin» plazan kantatzeari uztea erabaki baitzuen, «ez nengoelako eroso». Horren gibelean «hainbat arrazoi» izan zirela dio lesakarrak: «Neure buruari gehiegi eskatzen niolako, plaza batzuetan ez nintzelako eroso sentitzen…».
Eta geroztik «seguru sentitu naizen espazioetan» baino ez du kantatu: «Bardoak taldekako Nafarroako bertso ekimenaren lehenbiziko edizioan parte hartu nuen. Taldean Eneko anaiarekin eta Iñigo Olaetxea lagunarekin babes handia topatu nuen, seguru sentitu nintzen eta gainera irabazi genuen». «Kristorena» izan zela dio. «Bertze adin bat nuen, ez nintzen gai batzuen inguruan kantatzeko legitimatua sentitzen ez zen 23 urteko neska gazte hura». Are gehiago, «berriz bueltatu edo ez eta txapelketan apuntatu edo ez» duda izan zuela ere aitortu du, «baina nire bizitzak bertze bide bat hartu zuen».
Durangon egindako Euskal Herriko jardunaldi feministetan ere igo zen oholtza gainera, «azken momentuan bertsolari bat falta zen eta kantatzera ausartu nintzen. Seguru sentitu nintzen». Onartu du «teknikoki egundoko herdoila» duela: «Zer erran erraz etortzen zait, gaztea nintzenean baino aunitzez aisago, baina orain neurriak eta errimak osatzea kostatzen zait, ez naizelako aritzen».
Ikusaraztearen garrantzia
Begi onez ikusten du Nafarroako emakume bertsolariak bildu izana eta kontent parte hartu du diskoan, «kantatzeko eta aurpegia emateko espazio segurua» izan delako beretzat, eta «zabaltzeko hagitz aproposa» delakoan dago: «Nafarroan ere bertsogintza existitzen dela eta emakumeak bertso munduan exisititzen garela ikusaraztea hagitz ederra iruditzen zait». Ez hori bakarrik, «emakumeen edozein ekimen ikusaraztea beti positiboa» dela gehitu du: «Emakumeak ikusezinak gara, eta esparru guztietan hor gaudela bistaratzea egundokoa da, eta emakumea eta nafarra izanik are gehiago». Horren harira, «zeharkatzen gaituzten hainbat egoera transbertsal» daudela aipatu du: «Bat da emakume izatea, bertzea nafarra izatea, bertzea euskalkia... Hori bertsogintzan eta kulturgintzan, eta oro har, euskalgintzan gertatzen da». Bide beretik, «euskaran eta bertsotan Gipuzkoak gidatzen duen zentralitatea» ekarri du mahai gainera: «Beti badago bide hegemoniko bat eta Nafarroa ez da hegemonikoa. Gipuzkoak gidatzen du eta bertzeak periferian gelditzen gara. Ez da gauza bera gipuzkoar bertsolari bat izatea edo nafarra izatea eta errealitate hori bistaratu behar da».
«Denak gizonezkoak baldin badira inork ez du deus erraten, eta emakumezkoek osatutako saioa baldin bada harritu egiten gara»
Bera bertsotan hasi zenetik Nafarroako emakume bertsolarien egoera aldatu dela ere onartu du, «bertso eskolei begiratu bertzerik ez dago. Inoiz baino neska gehiago daude». Baina ez da dena aldatu: «Hurbiltzen ari gara, baina gure presentzia ez da horren nabarmena antolatzen diren saioetan. Denak gizonezkoak baldin badira inork ez du deus erraten, eta emakumezkoek osatutako saioa baldin bada harritu egiten gara. Ez da burutik pasatzen guttienez erdi eta erdi egitea. Akaso emakume bat izanen da, kupo bat bete beharko balitz bezala».
Hausnarketarako deia
Horrekin batera, «adin edo garai batean emakumeak plaza uzten duen edo bertso eskoletan egon arren plazarako saltoa ematen ez duen egoera» aipatu du: «Hori ere aztertu liteke genero perspektiba batetik, emakume batzuen kasuan zergatik hartzen duen bertze zerbaitek lehentasuna, zergatik ez garen ausartzen oholtzan kantatzera nahiz eta bertso eskoletan bertsotan ari, zergatik ez den plaza oraindik espazio segurua… Galdera interesgarriak dira». Baina galderak ez dira oraingoak: «20 urte pasatu dira nik bertsotan aktiboki kantatzeari utzi nionetik eta orduan ere galdera horiek egiten genituen».
«Egoerari buelta eman behar zaio, dena irauli behar da»
Hori horrela, egoera horri «buelta emateaz» mintzo da, «dena iraultzeko beharraz», eta «Erika Lagomaren adibidea ederraz» oroitu da: «Bertsoa utzi eta 40 urteren bueltan berriz bueltatu da. Horrelako irudiak behar ditugu».
Aitortu du, ez dela erraza dena iraultzea, «kostatzen dela», «dena gizonaren neurrira antolatu delako, baita bertsogintza ere». Gehiago ere bai: «hagitz ahaldunduak gaudela uste dugu, berdintasuna ailegatu dela, baina ez da egia. Gure gorputzak jaiotzen garen momentutik errepresio haundi bat jasotzen du, arrosez janzten gaituzten momentutik».
Baina ez du itxaropena galdu, eta bereziki bertsogintzan jarria du itxaropena: «sistema patriarkal baten parte den arren, bertsogintza kritikoa eta autokritikoa dela uste dut, eta aldaketa pozgarriak bertso mundutik heldu zaizkit».
«Nafarroako emakume bertsolariak indartsu ikusten ditut, bide onetik doaz, goaz»
Nafarroako emakume bertsolariak ere «indartsu» ikusten ditu, «bide onetik doazela, goazela» uste du: «Gure garaian, hasi ginenean sentitu ez nuen talde giro eta ahizpatasuna ikusten da gaur egun. Gu guttiago ginen, eta orain dela 20 urte kontzientzia ere desberdina zen, baina nik ibilbidea bakarrago egin nuen. Bertso eskolaren babesa hor nuen eta bertso eskolakoekin gustura sentitzen nintzen, baina hortik kanpo aunitzez bakarrago aritzen nintzen bertsotan. Igual gaur egun dagoen babesa izan banu oraindik kantari ariko nintzateke, auskalo!».