Gaztetxotan hasi zen bertsotan Estitxu Arotzena eta «20 urtez txapelketetan eta saioz saio» ibili zen. Ez hori bakarrik, «23-24 urte nituenetik bertsolaritzaren irakaskuntzan» ari da.
Etxekoengandik, «batez ere aitaren familiarengandik» hartu zituen bertso munduko lehenbiziko irakaspenak, «aitak aunitz transmititu dit eta Goizuetako familian bertsoak kantatzen genituen». Horrekin batera, Tantirumairu ikastolan landu zuen bertsolaritza: «Lontxo Aburuza ikastolara etortzen zen, baina bertako irakasleak ere erakusten aritzen ziren». Hala hasi zuen ibilbidea Arotzenak, «hasieran bertsoak idazten» eta «14-15 urterekin, inguruak eta beharrak bideratuta, bat-batean kantatzen».
Lehenbiziko txapelduna
Geroztik ibilbide oparoa osatu du, eta bere izena historiara ere pasatuko da, bera delako bertsotan txapelketa bat irabazi duen lehenbiziko emakumezkoa. Euskal Herriko Bertsolari Txapelketan hainbatetan kantatutakoa da, eta Nafarroako txapela bi aldiz irabazi izan du, bortz aldiz izan da txapeldunorde eta hiru aldiz hirugarren postuan gelditu da.
Azken Nafarroako finaletan, ordea, gizonezkoak bakarrik aritu dira bertsotan. Eta Arotzenaren arabera, «horrek ez du islatzen Nafarroako bertsolaritzaren errealitatea». Hala, Nafarroako emakume bertsolariak elkartzea «beharrezko pausoa» izan dela adierazi du: «Bertze era bateko ikusgarritasuna eta elkar babesteko beharrezkoa izan da biltzea».
«Dena ez da hain polita. Bat-batean plazaratzeko bidean zailtasunak ditugu»
Izan ere, «bertsolaritzaren bueltan gabiltzan emakumeen kopurua kontutan hartzekoa» iruditzen zaio, eta «plazaz plaza bat-batean dabiltzan Nafarroako emakume bertsolarien kopurua eta haien maila ere inoiz baino handiagoa» dela nabarmendu du. «Ni hasi nintzenean Nafarroan ez zen ia bertzerik. Gaur egun, begira diskoko izen zerrenda!». Hala ere, jakitun da «dena ez dela hain polita»: «Bat-batean plazaratzeko bidean, zailtasunak ditugu. Azken bolada honetan orokorrean ere hala da, eta emakumeen artean bereziki».
Horregatik, «aurrerapausoa emateko etengabe oztopoak zein diren identifikatzen eta haiei kontra egiteko tresnak bilatzen segitzearen» garrantziaz mintzatu da. «Orain plazaz plaza dabilen taldean urteetako energia ikusten dut eta horrek ondorengoei bidea erraztuko dielakoan itxaropentsu nago etorkizunarekin». Are gehiago, konbentzituta dago «gaur egiten denaren ondorio ere izanen dela etorkizuna, eta gisa honetako proiektuekin ere etorkizun hobe batera ailegatzeko lanean segituko dugu».