Bihar abiatuko dituzte Sunbillan guraso elkarteak, Antzakaitek, Antrotokik, udalak eta Ulibeltza elkarteak antolatutako uda bukaerako ekitaldiak eta asteburu honetan zein hurrengoan izanen dute gozatzeko aukerarik.
Abuztuaren 27an, ortziralean, 17:00etan haurrentzako herri kirolak eta DJa izanen dute plazan eta ilunabarrean suzko zezenaren bueltan lasterka ibiliko dira. Biharamunean, abuztuaren 28an, goizean, 11:00etan, boneta eta zapatila tiraketa izanen dituzte. Arratsaldean, berriz, Eñaut Elorrietaren kontzertua izanen dute (19:00etan). Igandean, abuztuaren 29an, Chuchin Ibañezen eskutik mariatxiak izanen dira. 12:00etan zehaztu dute musika-hitzordua.
Irailean gehiago
Ekitaldiek irail hasieran izanen dute segida. Hilaren 3an, ortziralean, 19:00etan, Andus taldeak girotuko du herria eta ilunabarrean suzko zezena izanen dute. Azkenik, irailaren 4an, larunbatean, 11:00etan toka txapelketa izanen dute. 18:00etan Xabat Illarregiren, Nerea Elustondoren eta Aitor Mendiluzeren eskutik, bertso saioa izanen da. Taloak ere izanen dira.
Antolatzaileek jakinarazi dutenez, ekitaldi guztietan herritarrek izanen dute lehentasuna eta momentu oro osasun departamentuak eskatzen dituen neurriak hartu beharko dira (distantzia, musukoa, aulkiak...).