Ttipi Txartela

«Denda ttikiok elkarri lagundu behar diogu»

Ttipi-Ttapa 2021ko abu. 2a, 12:00

Doneztebeko Kukuka arropadendako Natalia Rekarte.

Natalia REKARTE OTEIZA, Doneztebeko Kukuka arropadenda.

Duela 12 urte ireki zuen Natalia Rekartek Kukuka arropa-denda Donezteben, «haurrentzako arroparen eskari handia zegoen eta eskaintza txikia». Haurrak beztitzeko behar den guztia daukate, barneko arropatik gehigarrietaraino. «Marka aukera zabala daukagu kalitate eta prezio aldetik, baina minimo bat gordez. Garbi dugu ez dugula produktu txarrik saldu nahi eta are gutxiago egoera txarrean ekoiztutakoak».

Bertako produktuak saltzen saiatzen dira Kukukan, «baina horrek ere koste altuagoa du eta zaila da. Gizartea ez dago prest kontsumo jasangarrirako eta kontzientziazioa behar dugu; aunitz nahi dugu prezio txikian nahiz eta gero gutti iraun». Hala ere, inguruko jendeak ez duela pentsaera hori dio Rekartek, «jende aunitzek erraten digu: “hau poza! Hirugarren iloba dugu arropa berarekin eta ongi dago…" hori da inportanteena eta guk bilatzen duguna, kalitatezko arropa iraunkorra».

Konfinamenduaren ondotik «lan handia egin genuen egoera normalera bueltatzeko, hagitz txarra zelako dendentzako eta bezeroentzako. Egia da orduan bezero aunitz hurbiltzen zirela eta herriko kontsumoak goiti egin zuela, baina orain berriz ere beheiti egin du egoerak».

Internet bidez erostearen ondorioak ere argi ditu; «ez gara konturatzen jendea lau sosengatik lanean ari dela guk nahi duguna igandean etxean edukitzeko». Elkar laguntzea da gakoa «denda ttikiak gara gu, ez dugu azpiegiturarik ezta baliabiderik ere, eta gure artean elkarri lagundu behar diogu, elkarteak beharrezkoak dira».

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun