Nabarmen aldatu da negozioa bere hasmentatik, «gure birratautxi hasi zen hemen zapatak egiten, garai hartan ez zegoen egungo materialik, eta bertako larruarekin egiten zituen oinetakoak». Atautxiaren garaian ezaguna egiten hasi zen denda, «II. Mundu Gerran Frantziatik eta leku anitzetatik etortzen hasi ziren botak erosteko, Naziak ere etorri izan zirela kontatu didate».
Ostizen gurasoen txanda ailegatzean, oinetakoak egiteari utzi zioten arreta salmentan paratzeko, «gainera, tabakoaren lizentzia lortu zuten eta orduan estanko ere bihurtu zen». Gaur egun, paper-denda, liburu-denda, estankoa eta zapata-denda da Ostiz.
Bere emaztearekin batera arduratzen da Karlos Ostiz negozioaz. «Zapata, liburu, paper eta estankoaren produktuez gain, paketeria eta diru-bidalketa zerbitzua eskaintzen dugu. Ez digute etekin ekonomikorik ematen, baina herriari zerbitzua egiten diote. Bidalketa asko egiten ditugu, Hego Amerikara eta Marokora adibidez, eta jendeak anitz eskertzen du Irunera edo Iruñera joan beharrik ez dutelako».
Web orria ere badaukate, salgai dituzten produktuak erakusteko, eta online ere hainbat produktu saltzen dituzte. «Bitxia da, inguruko jendeak dena hemen erosten du baina Cádiz, Madril eta horrelako tokietatik liburuak Internet bidez erosi ohi dizkigute».