Ttipi Txartela

«Argazkilariak ia ikusezina izaten jakin behar du»

Ttipi-Ttapa 2021ko eka. 7a, 12:00

«Kasualitatez» hasi zen Patxi Iriarte argazkilaritzarekin; «nire arreba Elizondoko Zaldua argazkilariarekin ezkonduta dago, eta 15 urte nituela aukera eman zidan erreportaje ttiki bat egiteko Aritzakungo baserri baten inguruan». Probatu zuen, gustatu zitzaion eta ikasketak uztea erabaki zuen argazkilaritzaren munduan hasteko.

1983an ireki zuen Zalduak Doneztebeko argazki denda, han denda bat irekitzeko asmoa zuen, etxe batzuk berritzen ari ziren bertan eta aukera suertatu zitzaion. «Agudo xamar izan zen gauza, hemen hasi nintzen lanean 17 urterekin eta orain arte».

Gaur egun, dendaren istorioa akitzen ari dela dio, «arratsaldetan Elizondora joaten naiz orain, eta hau pixkanaka gibelean geldituko da. Nire argazkilari ibilbidea Elizondon akituko dutela pentsatzen dut». Teknologia eta sare sozialekin, dendak orain ezagutzen ditugun bezala pixkanaka desagertzen joanen direla dio, «bakarren bat geldituko da zerbitzua emanen duena, baina argazkilari gisa arras fina izan beharko da etorkizuna izateko». Kazetaritzan ere gauza bera pasatzen dela dio, «gaur egun egiten duten filmaketatik fotograma bat ateratzen dute eta aldizkari edo albiste baterako aski dute. Erreportajetarako argazkiak ateratzen dituztenak zaila daukate gaur egun».

Zalduan ohikoa da jaunartze, bataio, ezkontza eta estiloko ekitaldietan argazkiak ateratzea. Iriartek «urte aunitz» direla azaldu du, «apeza eta herritarren artean, denak elkar ezagutzen dugu». Jaunartzetarako garrantzitsuena egoten jakitea dela dio, «ia ikusezina izan behar zara». Iriartek badaki noiz atera argazkia haurrak ez despistatzeko, «badira mila koxka ttiki egiten dituztenak, apezak badaki ez nagoela haurrak molestatzeko. Arras lasaia izaten da dena».

Hala ere, Iriarterendako argazkilaritza aunitzez gehiago da; «Nire pasio handiena ur-azpiko argazkilaritza da, itsasoko animaliak, naturako argazkiak ateratzea». Zaletasun handia izan du, eta «denbora librea neukanean aprobetxatuz Fijin, Kuban, Hegoafrikan, Maldivetan, Itsaso Gorrian eta leku aunitzetan ibili naiz nire bizitzan». Baino hau ere gibelean gelditzen hasi dela dio, «zahartzea nabari da».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun