Ttipi Txartela

«Pandemiarekin batera digitalizazioak gero eta indar haundiagoa dauka»

Lorea Agirre Kimetz Belardendaren arduraduna.

Belardenda Loreak aspalditik zuen ilusio bat zen. «Beste frankizia batendako lanean ari nintzen, aukera atera zen Doneztebeko belardenda traspasoan eta animatu egin nintzen».

Publiko berezia duela dio, espezifikoa baino konstantea; «joera du, hau da, produktu mota honetan sinesten du eta bertan kontsumitzen jarraitzen du». Produktu ekologikoak saltzen dituzte belardendan, «ahal den heinean ingurukoak eta garaikoak». Barazki eta frutak, zerealak soltean, infusioak, elikagai konplementuak, kosmetika… eskaintza zabala dute. Honez gain, nutrizio kontsulta ere eskaintzen dute eta Lorea bera arduratzen da.

Sare sozialei eta web orriari ere garrantzia ematen diete Kimetzen, «pandemiarekin batera digitalizazioak gero eta indar haundiagoa dauka eta Interneten egotea beharrezkoa dela iduritzen zait. Gainera garrantzitsua iduritzen zait osasunari inguruko beste ikuspegi bat eskaintzea». Pandemia geroztik, «ongi ari gara lanean, baina eraldaketa bat izan da kontsumitzeko eran, nabari da, gero eta errazago erosten da Internetetik».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun