Hasieran, «batez ere pentsuekin» ibiltzen ziren eta, gaur egun, izugarri dibertsifikatu dute eskaintza: aziendendako pentsuak, zakur eta katuendako pentsuak eta gauzak, baserrirako tresnak eta erremintak, haziak eta ongarriak, oinetakoak, oilaskoak eta oiloak, oiloendako kaiolak, janariak (kontserbak, olioak, frutak…).
Azienden pentsu-salmentak behera egin duen bezala, maskota eta etxe-animaliendako dituztenak gora egin duela dio Maikak. «Produktu berezi aunitz ekartzen ditugu orain: zakur alergikoen edo zeliakoendako pentsuak, kanario eta perikitoendako kaiola eta bebederoak…» eta produktu bereziak ekartzeaz gain, jendeak estimatzen dituen zerbitzu estra batzuk ere ematen dizkiote bezeroari. Adibidez, «muntatu gabe etortzen diren oiloen kaiolak guk muntatu eta etxeraino eramaten ditugu –azaldu digu Maikak–. Jendeak eskertzen du ematen diogun zerbitzu hori».
Orain senarrarekin batera eramaten du negozioaren martxa eta «igoal, seme gazteena eurekin hasiko» dela aurreratu digu Maikak. Bistan da 25 urte betetzea seinale ona dela edozein lantegirentzat eta Maikari gogotsu sumatzen zaio.