Leire ORTUOSTE GARTZIA

«Donezteberen erronka nagusia dituen zerbitzu publiko guztiak mantentzea da»

Ttipi-Ttapa 2021ko mar. 14a, 13:00
Ortuosteri azken sei urteetan alkate izan den Utergak pasatu dio lekukoa.

Hurrengo bi urteetan Doneztebeko alkatea izanen da Leire Ortuoste Gartzia (Doneztebe, 1978). Erabakia «taldean adostutakoa» izan da eta kargua «ilusio handiz» hartu duela adierazi du doneztebarrak.

Bi urte hauetan, bere egiteko nagusia «udalaren egunerokotasunean dauden arazoak eta eginbeharrak aitzinera ateratzea» izanen da, «herriko behar nagusiak identifikatu eta konponbide aproposena bilatzea». Ortuoste ez da bakarrik egonen, «momentuko erabaki zehatzak nik hartuko ditut baina erabaki konplexuak taldean hartuko ditugu». Izan ere, «beti talde-lanean aritzen» direla azpimarratu du.

Agintaldi honetan, Doneztebeko Udal Taldea bederatzi lagunek osatzen dute, eta horietatik zazpi Leire Ortuosteren taldekoak dira (EH Bildu). Aitzineko agintaldian, «emakumeen eta gizonezkoen arteko parekidetasuna lortu» zuten talde barnean. Oraingo honetan, berriz, «bi emakume eta bortz gizonezko» izanen dira.

Bi urteko agintaldia «Covid-19ak baldintzatuta» izanen da, eta honek bertze urteetan berez udalek aurre egin behar dieten erronkei bertze batzuk gehitzen dizkie «ostalaritzako terrazen garbitasuna, segurtasun neurriak eta herriko parke zein instalazioen kudeaketa». Hala ere, udal taldeak ez ditu «bistatik galdu nahi aitzineko urteetan egindako planen jarraipena, trafikoaren ordenantza nabarmenduz».

Herrian dauden beharren inguruan, Ortuosteren iritziz «beti bada zer hobetu». Doneztebe herriaren erronka nagusia «hain herri txikia izanda, dituen zerbitzu publiko guztiak mantentzea izanen da eta epe ez hagitz luzera gai honi buelta bat eman beharko» zaiola gaineratu du. Bertzalde, Doneztebe «herritarrak harro sentitzen diren lekua» bilakatu nahi duela argudiatu du, «denen artean, denen onerako».

Azken erabakiei eta ordenantzei dagokionez, ikastetxeko jolastokiari estalpea paratzeko erabakiarekin aitzinera doaz, laster «hitzarmena sinatuko dugu eta hurrengo ikasturterako egina egonen» dela iragarri du. «Martxan dagoen» bertze proiektua herrigune historikoa zaharberritzea da, «herritarrek eskaerak eginak dituzte». Honekin batera, «udaletxea zaharberritzeko partida txiki bat utzi dugu». 

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun