Bidasoko Bide Berdean egin den Ipar Martxako lehen maratoian 80 lehiakide inguruk parte hartu dute

Ttipi-Ttapa 2020ko abu. 17a, 14:00

Ipar Martxak adin guztietako 300 lagun inguru bildu ditu asteburuan Donezteben, Sunbillan eta Elizondon, Corriendoporelmundo enpresak eta Ttuku Ttuku taldeak antolatu zituzten kirol-proba eta hitzaldien artean. Bildutako diru guztia ANELA elkarteari emanen zaio, Alboko Esklerosi Amiotrofikoaren Nafarroako Elkarteari. Aipagarria da Ramontxo Arandia Goldarazena beratarrak 42 Km-ko maratoian egin zuen marka (4:47:20). Bigarren sailkatu zen, minutu bat eta 15 segundo irabazlearen ondotik.  

Argazkiak: Itzalakphotography

Jarduera gehienak Donezteben egin dituzte. Larunbat goizean 5 kilometroko ipar martxa ibilaldia egin zuten eta 50 bat ibiltarik parte hartu zuten. Ibilaldia hasi baino lehen, parte-hartzaileek hastapen-eskola bat jaso zuten Xabier Madina hezitzaileak emana. Ikastaroaren ondotik ekin zioten jarduerari: bortz kilometro inguruko ibilbidea, Intzakardi parketik abiatuta trenbide zaharretik igaroz. Une oro, ibiltari amateurrek adituen aholkuak jaso zituzten. Haien artean zegoen Jon Medrano Ruiz, antolatzailea, Ttuku Ttuku klubaren ordezkaria eta Nafarroako txapelduna.

Arratsaldean, ehun bat lagun joan ziren Elizondoko Braulio Iriarte pilotalekuan antolatutako hitzaldi batera: Covid-19aren garai hauetan, nola landu arnasketa eta arlo psikologikoa Ipar Martxan eta kirol arloan, Bilboko eta Madrilgo bi adituk emana.

 

Ipar Martxako lehen maratoia eta maratoia erdia Bidasoko Bide Berdean

Diziplina honetako adituen txanda iritsi zen igande goizean. Antolatzaileek bi proba zituzten prestatuak: 42 Km-ko maratoian 12 ibiltarik eman zuten izena (3 emakumek eta 9 gizonek), eta 21 Km-ko maratoi erdian, aldiz, 42 ibiltarik (15 emakumek eta 27 gizonek). Ibilbidea: Bidasoko Bide Berdean, Doneztebe-Sunbilla-Doneztebe.

Hauek dira kategoria handietako txapeldunak:

  • 42 Km, emakumezkoetan: Elena Segzdaite Segzdaite (5:04:16) Maó-Mahón / Menorka - Balear Uharteak
  • 42 Km, gizonezkoetan: Ramón Alvarez Borrás (4:46:35) Benifairó de la Valldigna / Valentzia
  • 21 Km, emakumezkoetan: Miren Rojo Palacios (2:32:46) Arbulu / Araba
  • 21 Km, gizonezkoetan: Pedro Romero Delgado (2:21:39) Azagra / Nafarroa

 

Hauek dira eskualdeko parte-hartzaileen denborak:

  • 42 Km-ko Maratoian, bigarrena sailkapenean: Ramontxo Arandia Goldarazena (4:47:20) Bera
  • 21 Km-ko Maratoi erdian, erreleboka: Amaia Odriozola Apeztegia eta Katixa Oteiza Mendiberri (2:50:08) Donamaria
  • 21 Km-ko Maratoi erdian: Iñaki Unanua Goñi (2:51:15) Elizondo
  • 21 Km-ko Maratoi erdian, erreleboka: Begoña Arizmendi Bereau eta Juan Mari Oskariz Cordoba (2:57:42) Elizondo
  • 21 Km-ko Maratoi erdian: Ainara Unanua Arizmendi (3:01:20) Gartzain
  • 21 Km-ko Maratoi erdian: Alejandro Ordoki Arrieta (3:08:25) Lesaka

Ikusi hemen 42 Km-ko Maratoiaren sailkapen orokorra.

Ikusi hemen 21 Km-ko Maratoi Erdiaren sailkapen orokorra.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun