Ipar Martxako lehen maratoiaren inguruan hainbat ekitaldi antolatuko dituzte asteburuan

Ttipi-Ttapa 2020ko abu. 10a, 20:00
Lehen aldiz Ipar Martxako Maratoia eginen dute igandean Bidasoko Bide Berdean.

Igandean Donezteben eginen da proba nagusia, baina larunbatean bertze zenbait ekitaldi izanen dira, tartean hastapen kurtsoa eta solasaldia

 

Bidasoko Bide Berdean Ipar Martxako lehen maratoia eta maratoi erdia eginen dituzte abuztuaren 16an, igandean, Ttuku Txuku Ipar Martxa elkarteak eta Corriendo por el Mundo Taldeak antolatuta. Aitzinetik, bertze zenbait ekitaldi izanen dituzte larunbatean.

Abuztuaren 15ean, larunbatean 11:15ean, lehiakorra ez den 5 kilometroko martxa herrikoia eginen dute, Doneztebeko Intzakardi parketik abiatuta. Hori baino lehen, 09:00etan medikuntza kontrola eta izen-emateak eginen dituzte proba honetarako. Izen ematea 10 eurokoa izanen da, eta horietatik 5 euro, ELA eritasunaren aurkako ANELA elkartearentzat izanen dira. Makilak ere utziko dituzte. 10:15ean, ipar martxa hastapen kurtsoa hasiko da, Xabier Madinaren eskutik. Proba herrikoiaren ondotik, 12:30ean Lacturale otordua izanen dute.

Larunbatean 18:00etan, Elizondoko Braulioi Iriarte frontoian, solasaldia eskainiko dute Alejandro Molinero prestatzile fisikoak eta Miguel Angell Saenz de Navarreta psikologoak: “Nola landu arnasketa eta arlo psikologikoa Ipar Martxan kirol arloan eta Covid-19aren garai hauetan”.

Abuztuaren 16a, igandea izanen da egun handia. Maratoia 7:30aen abiatuko da eta ordu erdi lehenagotik hasiko dira medikuntza kontrolean, dortsalak hartzen eta irteerarako lekuak hartzen. Maratoi erdia, berriz, 09:30ean abiatuko da. 14:30ean, kategoria guztietako sarien banaketa eginen dute.

Covid-19aren aurkako mediku-protokolek baldintzatutako aldaketak egoten ahal dira programazioan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun