Sortu berria den Ttuku Ttuku ipar martxa klubak eta Corriendoporelmundo enpresak Ipar Martxako (Nordic Walking) lehen maratoia antolatu dute abuztuaren 16an Bidasoko Bide Berdean. Doneztebetik abiatu eta Sunbillaraino prestatu dute ibilbidea. Maratoiko 42.195 metroak egiten dituztenek lau joan-etorri egin beharko dituzte, maratoi erdia egiten dutenek (21.097 metro) bi joan-etorri eta 5.000 metroko promozio proba ere izanen da. Bakarka nahiz erreleboka egin daitezke ibilbideak. Ttuku Ttuku elkarteko antolatzaileetako bat da Donezteben eta Narbarten bizi ondotik, gaur egun Elizondon bizi den Jon Medrano irundarra. Nafarroako txapelduna ere bera da. Eskubaloi jokalari eta entrenatzaile ere izan da, baina Ipar Martxan topatu du orain gustuko kirola.
Ttuku Ttuku klubak antolatu du abuztuaren 16ko Ipar Martxa Maratoia…
Ttuku Ttuku elkartea duela denbora gutti sortu dugu Elizondon, hiru pertsonen artean. Ez du urtea oraindik, beraz elkarte gaztea gara. Urte honetan kudeatu nahi genuen bazkidetza, baina Covid-19aren afera honekin ez dugu lanean jarraitu. Dena den, 150 pertsonei erakutsi diegu Ipar Martxa zer den eta nahiz bazkideak ez izan, jendeak erantzun du hala balira bezala. Corriendoporelmundo Ipar Martxa maratoiaren antolaketan lagunduko duen Iruñeko enpresa bat da, 2008an sortua, lasterketak, bidaiak… antolatzen dituena.
Modalitate honetako lehen maratoia izanen da?
Nire ustez bai, ni berriki sartu naiz honetan, orain dela hiru urte, baina denbora gehiago daramatenek maratoi erdia bai badagoela, baina maratoirik ez, hala erraten dute. Beraz, aitzindariak izanen gara. Ea nola ateratzen den!
Nolako ibilbidea izanen du? Hainbat distantzia ere proposatu dituzue…
Ibilbide polita izanen da, eta zelai-zelaia Bidasoko Bide Berdean barrena, edozeinek egiteko modukoa. Doneztebeko Intzakardi parketik abiatuko da goizean goiz, Sunbilla herria pasatu eta bertze kilometro eskas bat segitzen du Igantzi aldera trenbidetik, 5 kilometro pasatxo joan eta bertze hainbertze buelta, guztira 2 bueltetan maratoi erdia, eta 4 bueltetan maratoia. 5 kilometroko proba ere bada.
Federatua egon behar da Ipar Martxan lehiatzeko?
Komeni da federatzea, ez bakarrik lasterketendako baizik eta mendi entrenamenduak ere egiteko, Mendi Federazioak hartzen baitu bere gain Ipar Martxa. Gurea bezalako probak egiteko, adibidez, ez da federatua egon behar, probak berak bere asegurua izanen baitu.
Nola definitu daiteke Ipar Martxa?
Ekintza osasungarria da, ibiltzeko postura mantentzen duena, eta bi makilak edo bastoiak ongi edo modu zehatz batean erabilita gorputzari onura asko ekartzen dizkion kirol bat da. Naturan ibiltzeko bertze modu eder bat.
Noiztik ari zara Ipar Martxan? Nafarroako txapeldun ere bazara modalitate honetan…
Ipar Martxan orain dela lauzpabortz urte hasi nintzen nire emaztearekin, biak gara Ipar Martxako monitore Donostian. Valladoliden atera genuen titulua ENWA eskolarekin. Ni segidan lehiatzen hasi nintzen eta pasa den irailean Azagran Nafarroako txapeldun izan nintzen. Proba hau estatu mailako probetan ere sartua zegoen. Aurten ea zer gertatzen den Covid-19aren afera honekin, baina printzipioz irailean berriz eginen dute txapelketa.