COVID-19: Elkarrizketak

«Ez dugu herria bakartzeko erabakirik hartu eta egoera kontrolpean dago»

Ttipi-Ttapa 2020ko eka. 25a, 14:07

«Lasaitasuna» behar dutela adierazi du Amets Indak, Sunbillako alkateak. Argazkia: EITB

Hiru egunez 45 positibo zenbatu dira Nafarroan. Astebetez izan diren positiboei erreparatuz, Sunbilla izan da kasu gehien izan dituen bigarren herria, 10 positiborekin. EITBk bertako alkate den Amets Inda elkarrizketatu du, eta bertzeak bertze, herria bakartzeko erabakirik ez dutela hartu argitu du.

Birusaren agerraldi honetan Sunbillak herria bakartzea erabakia zuela zabaldu zen atzo. EITBk herrira jo du, bertako egoeraren berri zuzena izateko. Indak, alkateak, adierazi duenez, hori ez da egia: «harrituta gaude atzo zabaldu zen albistearekin. Ez dugu herria bakartzea erabaki».

Agerraldia «ustekabean» ailegatu zaiela adierazi du: «orain artean hagitz ongi geunden eta alarma egoeratik atera garen momentuan hasi dira kasuak...». Egoerari neurria hartu eta «kontrolpean» dagoela adierazi du, «osasun departamentua jarraipen zorrotza egiten ari dira».

Parkeak, kiroldegia, igerilekuak... itxita segitzen dute, baina ez da agerraldiaren ondorio: «oraindik ez genuen irekitzeko erabakia hartu... Horrek ez du egunotako positibo kopuruekin zerikusirik».

Egoeraren aitzinean, «lasaitasuna» behar dutela adierazi du: «komunikabideetan egiazkoak ez diren informazioak zabaltzeak ez digu onik egiten». Bertzeak bertze, «turismo alorrean» horren eragina sumatzen hasi direla azaldu du: «bisitariak erreserbak uzteko deitzen ari dira». Eurena «ez dela aparteko egoera» adieraztearekin batera, positiboak «etxean eta bakartuta daudela» eta gainerakoak «bizimodu normala» egiten ari direla argitu du Indak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun