Gaur jasoko dituzten berrien zain dira Sunbillako Udalean: «oraingoz, badakigu Osasun Sailetik positibo eman duten pertsona horien jarraipena egiten ari direla eta testak ere egin dituztela. Osasun sailekoek gaur emanen dizkigute azalpen gehiago». Kopuru zehatzik ez duten arren, ahoz aho zabaltzen ari da kontua eta egoeraren aurrean, «jendea kezkatuta eta urduri» dagoela nabari du Indak: «hain herri txikia izanda, hemen denok elkar ezagutzen dugu, herritarren arteko hartu-emana handia da eta zabaldu da kutsatuta egon daitezkeen batzuk nortzuk izan daitezkeen».
«Gure herrian kasuak daudela jakitea kolpe gogorra da»
Sunbillako alkateak aitortu du ezustean harrapatu dituela berriak: «pandemiaren egoera gogorrenetan, denok etxetik atera ezinik egon garenetan, ez da apenas kasurik egon eta orain suposatzen denean denok normaltasunera itzuli behar genuela gure herrian kasuak daudela jakitea kolpe gogorra da». Zabaltzen den informazioarekin ere tentuz jokatzeko deia egin nahi izan du: «kontu handia izan behar da ematen den informazio horrekin, nahi gabe min handia egin daitekeelako».
«Osasun sailekoak gau eta egun ari dira lanean identifikatu ahal izateko pertsona horiek norekin egon diren harremanetan»
Jakin badakite, osasun sailekoak buru belarri ari direla kasu posibleen bilaketa lanetan: «gau eta egun ari dira lanean, identifikatu ahal izateko pertsona horiek norekin egon diren harremanetan». Bien bitartean «kontu handiz ibiltzeko eta seguratsun eta babes neurriak errespetatzeko» deia egin diete osasun sailetik. Udalak bere aldetik, datozen egunetan ikusi beharko dute egoeraren eboluzioa zein den: «datozen egunetan ikusi beharko dugu ze motako neurriak hartu beharko diren edo ez. Momentuz ez digute besterik erran».
Sunbillako alkateak onartu du orain arteko hainbat neurrirekin zalantzak izan badituzte, oraingo egoerak are zailago eginen duela normaltasunerako itzulera: «zaila ari zitzaigun normaltasun horretara egokitzea, bazirelako bete ezineko baldintza batzuk... Orain, zoritxarrez, hau gertatu da eta ez dakigu ongi ze pauso emanen ditugun datozen egunetan». Oraingoz, haur parkea ez dutela irekiko aurreratu du eta «Udaletxean oraindik ere telelanarekin ari gara, beheko solairuan osasun etxea dugulako».
«Gehienak asintomatikoak dira eta horrek zaildu egiten du kontua»
Herritarrei elkarlanerako deia egin die: «kasuak identifikatu eta birusa gelditzeko momentua da, ez errudunak bilatzekoa». Momentuan hori da zailtasun handiena: «gehienak asintomatikoak dira eta horrek zaildu egin du kontua». Horregatik, inork positibo posible batekin egon denaren susmoa baldin badu, «jar daitezela segituan harremanetan osasun zentroekin. Segituan erranen diete zer pauso eman behar dituzten. Birusari ez diogu gehiago zabaltzen utzi behar».