60 urte bete dituzte moja karmeldarrek Donamarian

Ttipi-Ttapa 2020ko api. 24a, 12:00

Donamariako komentuko mojek balkoitik txalotu zituzten herritarrak eta hauek erantzun bikaina eman zieten.

Apirilaren 20an herritarrengandik jasotako erantzuna «hunkigarria eta zoragarria» izan zela diote

1960ko apirilaren 20an ailegatu ziren moja karmeldarrak Donamariara eta hortxe segitzen dute 60 urte beranduago. Donamariako elizatik prozesioan, bertze hainbat herritarrekin batera joan ziren 23 ahizpa haietatik hiru oraindik Donamarian daude: Mari Carmen, Carmen eta Herminia. Aste honetan 60. urteurrena modu berezian ospatu dute.

1960an prozesioan ailegatu ziren karmeldarrak Donamariako elizatik komentura.

 

Duela 75 urte sortu zen karmeldarren komunitatea Hondarribian eta orduko bi eraikinek «jendez gainezka egin zutenean» etxe bila hasi eta Donamariakoarekin egin zuten topo: «1718an egindako etxe hau erosi zuten». Gaur egun gustura osatua dute habia. Hala diote gaur egun dauden hamabortz mojek, eta herritarrekin ere «hagitz ongi moldatzen» direla adierazi du Olatz Garmendia mojak. Sortzez Azpeitikoa, 50 urte daramatza Donamarian.

Esker oneko hitzak dituzte herritarrendako eta horixe izan zen apirilaren 20an, 60. urteurrena gogoan, nabarmendu nahi izan zutena, baita orduan jaso zuten harreraren ondotik ere adierazi nahi izan dutena.

Konfinamendua tarteko ezin izan zuten duela hamar urte 50. urteurrenaren harira egin zituzten lau eguneko ospakizunak errepikatu. Baina ez ziren eguna oroitu gabe gelditu. 17:00etan, 1960an mojak Donamariara ailegatu ziren orduan, balkoira atera eta kanpaiak jo eta kantak kantatu zituzten. Hala ere, horren gainetik «herritarrek emandako erantzun izugarria» azpimarratu du Garmendiak: «duela 60 urteko eta gaurko harreragatik eskerrak emanez herritarrendako mezua idatzi genuen eta 17:00etan balkoira atera eta herria txalotzea erabaki genuen. Herritarrek parrokiako kanpaiekin erantzun ziguten, Udalak altxaferoak bota zituen eta auzoetan kazeroladak eta txaloak jo zituzten». Ez hori bakarrik: «familia bakoitzaren mezuekin bideo bat osatu ziguten eta eguna apartekoa izan zen». Bi hitzetan «hunkigarria eta zoragarria» izan zela dio mojak.

Mojak komentuko balkoian txaloka.

Hortaz, «udazkenean edo aukera denean zerbait egiteko» aukera burutan dutela azaldu digu Garmendiak. Bitartean eguneroko martxarekin segituko dute, «otoitz eginez, kanporako joste eta bertze lan batzuk eginez, baratzean edota oilategian». Klausurako komentua izaki konfinamenduak ez dielako aunitzik eragin, nahiz eta «ohi baino bisita guttiago» dituzten.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun