Sunbillako inauterietako igandeko karroza desfileak jendetza bildu du aurten ere

Ttipi-Ttapa 2020ko urt. 27a, 08:43

Sunbillako inauteriak, kolore eta giroz beteta joan dira. Igandeko karrozen desfilearengatik dira ezagun inauteri hauek, eta hori aurten ere ikusgarria izan da, baina ortziraletik hasita, asteburu osoan giro bikaina izan dute.

Ortziralean gazteek eman ziote hasiera gosari eder batekin Ariztigain Kanpinean. Gero, bi taldetan banatu eta baserriz baserri ibili ziren, Modesto eta Joxe Angel akordeoilariak lagun zituztela. Arratsalde partean haurren txanda izan zen. Gauean berriz, emakumeen txanda izan zen, laurogei bat emakume Ulibeltzak elkartean elkartu baitziren. Larunbatean berriz, gazteek herrian eskean ibili ziren eta Fondan bazkaldu zuten. Arratsaldean berriz, haurren txanda izan zen Ulibeltzak elkartean.

Igandea, egun ederra izan zen, Karrozen desfilea, hogeita hemezortzigarren urtez segidan. Eguraldi bikaina lagun, jendetza bildu zen Sunbillako karriketan. Ibilaldia hasi baino lehen eta ondotik, inauterietako animatzaile eta esatari izaten den Aitor Ibarra Jalisko gogoan izan zuten, osasun arazoengatik ez baitzuen parte hartzerik izan. ‘Aupa Jalisko!’ grabatu eta oihukatu zuten, animoak emanez.

Betiko hiru karrozek eman zioten irekiera karrozen desfileari. Bertan 1.200 arraultzeko tortillak, salda, gaztainak, ardoa, taloak eta gazta banatu zituzten ikusleen artean. Ondotik, bildotsa eta bi magra desfilea bukatutakoan zozketatzeko eta segidan, bertze zenbait karroza: Zonbiak, Ongi etorri Maroko; Usuk parez pare, Etxalarko sare bidezko ehiza irudikatuz; Abordatzera karrozako neska piratak, koreografia eta guzi; Steam Punk karroza, garai bateko hegazkin, bizikleta eta helikopteroekin; petankako master-80 txapelketa olinpikoa; Arrai-Iñak Sunbillako akuariuma; Hiru Txerritxoak; kuadrilla beteranoenak Donostiako eta Bilboko txikiteroak irudikatu zituen, batzuk Guggenheim atarian eta bertzeak, Kontxako hondartzako baranda eta sonbrilal artean, Igeldoko funikularra ondoan zutela. Ibilaldia ixteko Euskimalak atera ziren.

Desfilearen ondotik, zozketa egin zuten. Bildotsa Sunbillako Paco Alzugarairi egokitu zitzaion (5.855 zenbakia) eta magrak Urtasungo Angel Martinezi (7.571) eta Sunbillako Mañoli Agirreri (3.054). Bazkariaren 80 bat lagun bildu ziren eta bazkalondoan Hauspolariek taldearekin dantzatu zuten sunbildarrek.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun