Doneztebeko feriak ospatuko dituzte azaroaren 15ean

Ttipi-Ttapa 2019ko aza. 13a, 06:30
Azienda-buruak ikusteko aukera eskainiko dute ortziralean Doneztebeko feriek.

Baztanen aurrena, Malerrekan hurrena; azaroaren 15ean ailegatuko da feria giroa Doneztebera. Bertze behin ere, begi bat aski izanen du saltzaileak eta ehun ez ditu sobera izanen erosleak. Menditik karrikarako bidea hartuko dute aziendek eta saltzaileen ehunka postu izanen dituzte bisitariek esperoan. Sakelak eta mingainak astindu ondotik,  mokadutxoa egin edo zerbait jateko aukera ere ez da faltako. Arratsaldean, herri-kirolak tartea izanen du Ezkurra pilotalekuan eta bestazaleek egunari bukaera borobila emateko aukera izanen dute ostatuetan. Osagai horiek guztiak nahasten dituenak feria egun borobilaz gozatuko du!

Postuz postuko bueltaxka

Goizean goizetik jendea harat-honatean ibiliko da karriketan. Ez da horretarako aitzakiarik faltako. 200 salmahai baino gehiago paratuko dituzte saltzaileek; batzuk urrutitik etorriak, bertzeak eskualdekoak, denendako tokia izanen da. Eskaintza zabala jarriko dute eskura: gozoak, jakiak, artisau-lanak, lanabesak, jantziak… Saharaztan elkartekoek ere urteroko txokoa jarriko dute eliz atarian. Taloa eta gaztain erreak dastatzeko aukera ere izanen da baita ikas-bidairako dirua lortzeko ikasleek prestatuko dituzten pintxoak jatekoa ere. Bueltaxka eman ondotik, indarrak berritu nahi dituztenek ostatu eta jatetxeetan izanen dute aukera. Ferietako menu bereziak prestatzen hasiak dira dagoeneko.

Abeltzainen lanaren erakusle

Ferien sorburua den azienda feriak ere ez du hutsik eginen. Hala, Malerrekako abeltzainek egiten duten lanaren erakusle izanen da Merkatu Plazan bilduko den azienda saila.  Behiak, ardiak, behorrak... egonen dira ikusgai eta tratuan aritzeko ere baliatuko dute aunitzek hitzordua.

Karrikak girotzeko musika

Musikarik gabe, nekez irudika genezake besta egun bat eta udazkeneko feriek ere badute bere doinua. Azienden hotsak eta saltzaileen ahotsak,  gaita soinuarekin nahasiko dira bertze behin ere, gaitariak ibiliko baitira karrika buelta eginez.

Bortz buru eta txapela bakarra

Nafarroako I. Mailako Aizkora txapelketaren finala jokatuko dute Ezkurra pilotalekuan. Leitzako Jon Rekondo eta Ruben Saralegi, Zigako Joxean Etxeberria, Lezaungo Juan Jose Lopez eta Iker Vicente ariko dira lehian eta lau kana-erdiko, lau 60 ontzako eta bi oinbiko moztu beharko dituzte. Txapelketa 18:00etan hasiko da. Herri-kirol jaialdiaren barne, harri-jasotze erakustaldia eskainiko du Mikel Lopetegi Urrak. Sarrera 15 euro ordaindu beharko da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun