«Jende aunitz etortzen da ferietara eta aukera ona da guretzat sos batzuk ateratzeko»

Ttipi-Ttapa 2019ko aza. 12a, 07:30
Ikas-bidaiarako sos batzuk ateratzeko aukera ez dute galdu nahi Mendaur institutuko ikasleek.

Haritz SAGASETA URROZ · Mendaur Institutuko ikaslea

 

Musika du bizipoz eta musikarekin amets egiten du Haritz Sagaseta Urrozek. Hamabortz urte izan arren, argi du zertan aritu nahi duen etorkizunean: «atzerrian musika ikasten edota musikari izaten ikusten dut nire burua. Nire ametsa musikatik bizi ahal izatea da». Musikako partiturak eta ikasgelako apunteak nahikoa ez eta bidaia-agentzien eskaintzak ere burutik ezin kenduta dabil azken aldian: «ikas-bidaia antolatzen ari gara eta nora joan ez dugu erabaki oraindik». Noranzkoa bat edo bertze izan, dirua beharko dute eta hasiak dira lanean: «pintxoak saltzen ari gara, sudaderak eta kamisetak egiten ahalegintzen ari gara eta boletoak salduko ditugu».

 

Ferietan aukera ona

Doneztebeko ferietan izanen dute diru-bilketa hori egiteko tartea: «bertze urteetan bezala postua paratuko dugu, bertan pintxoetaz aparte, sudaderak, kamisetak... salduko ditugu». Goiz hasiko dute feria eguna, «08:00 aldera elkartuko gara dena prestatzeko eta hortik aitzinera, bi orduko txandak eginen ditugu. Hamarrak aldera hasi eta hirurak arte espero dugu jende mugimendu handiena». Salmenta akitu ondotik, feriaz zertxobait gozatzeko tartea ere hartuko du: «giro ederra sortzen da eta herriko dendek jartzen dituzten postuak arrunt erakargarriak direla uste dut. Jende aunitz egoten da eta honek giro berezia sortzen du».

 

Gazteen kezkak

Ferien antolaketak alde batera utzita, bere adineko gazte batek zein kezka dituen jakin nahi izan dugu eta aunitz ikasketekin lotuta daudela aitortu digu: «zer ikasi,  gustuko dudan hori ala lana izanen dudala dakidan beste hori? Atzerrira joan beharko dut lan bila?». Baina, baditu gizartearekin lotutakoak ere, «zer gertatuko da ikasi eta gero? Langabezian bukatuko dugu? Zein izanen da euskararen etorkizuna?». Hizkuntzaren egoerak, hain juxtu, gozotik adina gazitik duela uste du: «herri handiagoetan bereziki, gaztelera aunitz erabiltzen dela ikusten dut. Baina, gero gazteak zonaldeko euskara erabiltzen ere aditzen ditut eta nire iritziz, hori garrantzitsua da». Malerrekako etorkizunaz ikuspegi baikorra du: «zonaldeko gazte aunitzek hemen gelditu nahi dute bizitzen». Baina nahi izatea ez da aski eta erraztasunak ere behar dira: «ikasteko askok kanpora joan beharra izaten dute. Goi-mailako heziketa gehiago behar ditugu inguruan». Zerbitzuak indartu beharra ere aipatu du «herri ttikietan zerbitzu gehiago eskainita, eskualdeko egoera hobea litzateke». 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun