Etxeberria III.a doneztebarrak adio erran dio erremonteari

Ttipi-Ttapa 2019ko aza. 11a, 13:00

Utergarekin batera 40-34 irabazi zieten Zeberio II.a eta Ioni larunbatean Galarretan

Joxe Jabier Etxeberria Etxeberria III.a doneztebarrak adio erran dio erremonte profesionalari modurik onenean. Larunbatean Galarretan jokatutako hondarreko partidan garaipena lortu zuen Utergarekin batera, berak dakien bezala, serio eta ziur jokatuz, ia akatsik gabe, kontrako aurrelariari pilota kenduz… Hondarreko partidan ere, hogeita bi urtez erremontean erakutsi dituen ezaugarriak plazaratu zituen Doneztebeko bikoteak 40-34 irabazi zien Zeberio II.a eta Ioni. Baina garaipenaz gain, emozio eta sentimentu handiko partida izan zen.

Partidaren aitzinetik, garai bateko eta oraingo erremontelariek egindako arkutik pasatu zen Etxeberria III.a eta partida hasteko txanpona ere berak bota zuen.

Partida berdindua izan zen hemeretzinako berdinketa bitarte. Hortik aitzinera, lau tantuko aldea hartu zuten gorriek eta horri eutsi zioten bukaera bitarte (25-21, 34-30, 38-33 eta 40-34). Azken tantoarekin txalo zaparrada batekin agurtu zuten Galarretako zaleek Etxeberria III.a eta omenaldien eta sarien txanda izan zen. Elkarteek eta lagunek hainbat oroigarri eman zioten. Doneztebeko udalaren izenean, Xanti Uterga alkateak eman zion kuadroa, baita Erreka elkartearen izenean Joseba Legarra presidenteak ere, Etxeberriak eskubaloian jokatzen zuen garaiko argazki eta guzti. Galarretako gerente izandako Ercillak ere oroigarria eman zion, baita Gotzon Huegunen eskultura ere. Bere agurraren kartelean erremontelariek sinatutako kuadroa ere eman zioten. Koteto Ezkurra, Patxi Zeberio, bere debutean bikote izan zuen Iribarren, Iñaki Lizaso… eta bertze erremontelari aunitzek ez zuten hutsik egin agurrean. Aurreskua ere dantzatu zioten.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun