«Kotetoren kontra jokatzeak ematen zuen norberaren mailaren eta progresioaren neurria»

Ttipi-Ttapa 2019ko aza. 11a, 14:00
Joxe Jabier Etxeberria, Etxeberria III.a, agurraren orduan. Argazkia: Maialen Andres

Joxe Jabier Etxeberria, Etxeberria III.a: Doneztebeko erremontelari ohia

1997ko azaroaren 29an Jose Javier Etxeberria Lakanbra, Etxeberria III.a doneztebarrak debuta egin zuen Euskal Jai pilotalekuan. Iribarren herritarrarekin batera, Bereziartua eta Aizpuruaren kontra aritu zen eta ia 22 urte beranduago adio erran dio erremonteari. Ekainean 46 urte egin zituen eta agurraren tenorea ailegatu zaioa ikusi du. Duela urtebete Koteto Ezkurrak utzi zuen erremontea eta urtebe beranduago hartu du erabakia Etxeberriak, biak 1973ko kintoak. Iñaki Lizaso erretiratu zenetik, bera izan da kuadroan zaharrena, ez beteranoena, «Koteto eta Zeberiok nik baino lehenago debutatu zutelako».

Gogoan duzu zure debutaren eguna?

Gaur balitz bezalaxe. San Saturnino eguna zen eta partida ez ezik, inguruko guztia gogoan dut. Belateko tunelak ireki berriak zituzten. 34-29 irabazten joan ondotik, partida irauli ziguten eta 35-34 galdu genuen. Urduritasunaren kontuak, baina kolpea hartu nuen. Egun batzuen burura, aurrelariak aldatuta aritu ginen laukote bera, eta orduan ere galdu egin nuen.

Beraz, ez zenuen ongi hasi ibilbidea, baina nola akitu duzu?

Ongi akitu dut. Hainbertze urtez aritu ondotik, fisikoki juxtu xamar nago, gehiago zaindu behar duzu zure burua eta kosta egiten da. Momentu batean aski dela erabakitzen duzu, gozatu baino gehiago sufritu egiten duzulako, beldurrez aritzen zarelako. Baldintza horietan segitzeak ez du balio. Penaz, baina tenorez erretiratzen ere ikasi behar duzu.

Erremontearen gainbehera hurbiletik ezagutu duzu…

Aldaketa gogorra izan da. Euskalen hasi nintzen eta denbora guttira jausten hasi zen, itxi baino lehen urte batzuk iraun zuen. Debutatu nuenean jende aunitz joaten zen. Urte haiek ezagutu genuenok oroiminez gogoratzen dugu. Bortz-sei urte daramazkiten gazteek ez zuten hura ezagutu eta pena da. Krisiarekin batera hasi zen gainbehera gogorrena, 2007-2008 urtean. Bapatekoa izan zen, urte batez ikustle-kopurua eta apostuak aunitz jautsi ziren.

Debutatu ondotik, erabat murgildu zinen erremontean…

24 urte nituen eta enpresa batean ari nintzen, baina handik urtebetera lana utzi eta erabat erremontean sartu nintzen. Atseden hartuta hobe jokatzen nuen. Garai onak ziren eta erremonteak bizitzeko haina ematen zuen. Krisia ailegatu zenean lanera bueltatu nintzen. Lehen erremontean aritu eta lan extra batzuk egiten ahal zenituen. Gero, alderantziz izan zen, lana behar zenuen eta pilotak ematen zuen extra. Lehentasuna lana da eta erremontea, berriz, afizioa. Baina konpetitiboak izaten segitzen dugu eta gozatu egiten dugu jolasten.

Erremontean jokatzeko moduan ere izan dira aldaketak?

Aldaketarik handiena materialean dago eta horrek jokoa baldintzatzen du. Hainbertze lagunekin jokatu dut, zail egiten zaidala konparatzea. Orain piloteo gehiago dago, lehen pilota biziagoa izaten zen eta jokoa azkarragoa. Kotetok, adibidez, berehala akitzen zuen tantoa. Sineztezina zen. Zenbat eta partida estuagoa izan, orduan eta erabakigarriagoa izaten zen. Partida beroa zenean ateratzen zuen bere klasea.

Kotetoren lagun eta arerio izatea suertatu zaizu hainbat aldiz…

Jokatzen hasten ziren gazteen barometroa zen Koteto. Bere kontra jokatzeak ematen zuen norberaren mailaren eta progresioaren neurria. Hasiberriek berekin bikote eginez jokatzen genuen lehen edo laugarren partidak, hainbertzeko abantaila ematen zuen… Partida horietan bolada ona baldin bazenuen, Ezkurrarekin estelarrean jokatzeko aukera izaten zenuen. Horrek bi alderdi zituen: alde batetik sari bat zen, baina berekin ari bazinen, seinale ez zinela hobetzen ari. Berak irabazten baitzuen. Aldiz, bere kontra ari bazinen, koxka bat edo bi goiti egin zenuela erran nahi zuen. Horregatik, hasiberriek bere kontra aritu nahi genuen, zaila zen Kotetoren kontra aritzea, anitzez errazagoa zen bere bikotea izatea.

Zein izan dira erremonteak utzi dizkizun oroitzapen onenak eta txarrenak?

Oroitzapen txarrik ez dut, gehien-gehienak onak dira. Ez dut kasik lesiorik izan, ez larriak behinik behin. Kirol arloan, disgustorik handiena Altuna I.arekin batera Urrizar eta Lizasoren kontra galdutako finala izan zen, 2007an. Eta pozik handiena bi txapelek eman didate, batez ere bigarrenak. Urrizarekin irabazi nuen lehenbizikoak ere ilusio berezia egin zidan, baina bigarrena, 2017koa, nire hondarreko aukera zen, eta Utergarekin irabazi nuen

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun