Astegunez «lasai-lasai» dabil azken aldian doneztebar gaztea: «orain artean ikasketetan buru-belarri aritu naiz baina bukatu ditut dagoeneko». Dena dela ez du aspertzeko tarterik: «kirola egin edo lagunekin egon, beti bada zerbait». Asteburuarekin batera, berriz, lasaitasunarekin hautsi eta «egunerokoan egiten ez ditudan planak» egiten saiatzen da.
Gazte Burrunba indartzeko lanean
Lasaitasun eta plan horiekin uztartzen ditu herrigintzako kontuak. Izan ere, «duela hiruzpalau urte» Gazte Burrunba Kultur Taldea laguntzen hasi zen. Urte motelak izan zituzten gero: «jende gutxi gelditu ginen eta gazteen egoera ikusita haize freskoa behar zuela ikusi genuen». Indarberritzeko ahaleginak, ordea, ez dira hutsalak izan: «kuadrilla bakoitzeko zortzi lagunen artean hori lantzen ari gara».
«Gaur egun 120 lagun inguru gaude Gazte Burrunban, azken aldian kopuruak goiti egin du. Hala ere, gazteak bazkide egitera animatu nahi ditut»
Batzuentzat lan-zama izan daitekeen arren, gustura egiten duela aitortu digu: «ekitaldietan parte hartzea eta laguntzea beti gustatu izan zait». Gustuko izateak eta «gazte giroa itzaltzen ikusteak» lagundu zion elkartean sartzeko erabakia hartzen: «ekitaldiak egoteko norbaitek antolatzea ezinbertzekoa da eta denok lagunduko bagenu errazagoa izanen litzateke». Pixkanaka, gero eta gehiago dira: «maiatzean baino 35 lagun gehiago gara, 120 gutti goiti-beheiti. Hala ere, gazteak bazkide egitera animatu nahi ditut».
Haurrentzako ekintzak «berreskuratzen»
Antzematen zaie gogoa, ilusioa eta guztiengana ailegatzeko lanean ari dira: «garai batean Gazte Burrunbak gazte eta haurrentzako ekintzak antolatzen zituen eta azken urteetan gazteen bueltakoak ziren gehienak». Lantzen eta zabaltzen ari dira eskaintza. Abuztuan, erraterako, gaztetxoendako bizikleta-irteera egin zuten: «hamar gaztetxo bildu ziren, eta gehiago izatea espero genuen arren, ederki pasa genuen».
Azken aldian, berriz, besta ttikiei begira ibili dira: «uztail hasieran hasi eta astetartez arratsaldeetan bildu izan gara». Sei bilera eta hamaika orduz ekitaldiak baloratzen eta lotzen ibili dira. Horretarako, «herritarren laguntza» izan dute: «ostatuek laguntza ekonomikoa eman digute eta merkatariek bingoaren saria. Errekak, berriz, otorduetarako baliabideak utzi dizkigu eta Udalaren babesa uneoro sumatu dugu». Horien guztien laguntza aitortu eta eskertzearekin batera, «bestetan lortutako dirua» ere baliatzen dutela gaineratu du.
Elkarlanaren emaitza
Elkarlanean jardun dute, eta ez edonola gainera. Zabalaren ustez azken emaitza «osoa eta anitza da, haur, gazte eta helduendako ekintzak bildu baititugu». Berrikuntzak ere badakartzate: «bingo musikatua eginen dugu eta joan den urtean ez bezala, haurrek buruhandiak, puzgarriak… izanen dituzte».
Azken momentukoak eta egunekoak
Lanak ez dituzte akitu, «bai aitzineko astea baita besta egunak ere nahiko nahasiak izaten dira». Ardurei neurria hartzeko eta «azken momentuko ukituak» emateko, ordea, hobe moldatzen da «garagardoa eskuan» duenean.
Tragoak zerbitzatu, edan eta garbitu. Ongi ikasia du lan eta lan arteko gozamena eta bereziki gustagarri zaio larunbatekoa: «bazkarian kuadrilla guztien artean giroa sortzen bada ezin hobea izaten da». Aurten gainera «bingoak eta elektrotxarangak» lagunduko dute.
Dantzari fin
Erritmoa galtzen utzi gabe, musikaren arrimuan dena ederragoa delako, erromerian ere izanen dugu Elena Zabalaren pausoak segitzeko aukerarik. Izan ere, euskal dantzetan ibilia eta dabilena da: «17 urterekin Erreka Dantza Taldean hasi nintzen eta larunbatero biltzen gara». Heldu den larunbatean ez dute entsegurik eginen, ezta erakusketarik ere: «dantzari ttikiak izanen dira». Dena dela, ezin erran plaza bazterrean geldi egonen direnik.
Udari agur
Uda agurtzeko modu berezia dira besta ttikiak doneztebar gaztearendako. Zer hoberik gustuko duzun ekitaldia hautatu, lagun edo familiaz inguratu eta Doneztebera bertaratzea baino? Aukerak asko dira eta guztiak mahairatu dizkigu: «ikusi edo parte hartu, entzun edo dantzatu, modu batera edo bertzera gozatu!».
«Inauterien aitzinetik bertze zerbait ere antolatuko dugu, seguru»
Eta oraingoan ezin duenak, lasai egon dadila: «errebesten ondotik zenbait ekintza antolatzeko asmotan gabiltza». Zehaztu artean ez dute aitzineratu nahi izan… «baina inauteri aitzinetik izanen da seguru» adierazi dute. Indarrik ez zaie falta, gogotsu daude, eta argi dago: gazte eta alai ez direnak ere gazteago eta alaiago egiteko modua bilatzen dute.