Gazteluko Legarrea leizea memoriaren toki izendatzeko prozedura abiatu du Nafarroako Gobernuak

Ttipi-Ttapa 2019ko abu. 29a, 13:27
2017an hilobian lurperatu zituzten Sagardia-Goñi familiaren hezurdurak.

Hantxe gertatu zen 1936ko estatu kolpe militarraren ondoko krimenik larrienetko bat. Leizera bota baitzituzten Juana Josefa Goñi Sagardia (38 urte) eta haren zazpi seme-alabetako sei. Duela 83 urte gertatutakoa gogoan, larunbat honetan, Sagardia-Goñi familiak urteroko bisita eginen du leizera.

2019ko apirilaren 24an Donamariako Udalak Gaztelun dagoen Legarreako leizeko memoriagunea Nafarroako memoria historikoaren toki deklaratzeko eta hura Nafarroako Memoria Historikoaren Tokien Erregistroan inskribatzeko prozedura abiatzeko eskatu zuen. Haren eskaera ikusirik, Nafarroako Memoriaren Institutuak proposamen bera egin zuen, eta horren bidetik, gaur, ortzeguna, Nafarroako Gobernuak buletin ofizialean jakinarazi duenez, Legarrea leizea memoriaren toki izendatzeko prozedurarekin hasi da.

Duela 83 urte
1936an Gaztelun bizi ziren Juana Josefa Goñi Sagardia eta bere sei seme-alabak Legarreako leizera bota zituzten: 16 urteko Joakin, 12 urteko Antonio, 9 urteko Pedro Julian, 6 urteko Martina, 3 urteko Jose eta 18 hilabeteko Asuncion. Aita matxinatutako tropekin joan zenetik, larri bizi omen ziren. Familia desagertu ondotik, gertatutako aikertzen hasi baziren ere, ezin izan zen egiaztatu krimena izan zenik. Inguruan, ordea, aunitzek zuten kontuaren berri, ofizialki inork deus erran ez bazuen ere. 2016an Aranzadiko kideek gorpuak lurpetik atera zituztenean egiaztatu ahal izan zen kontakizuna benetakoa zela. Paco Etxeberria mediku forentse ezagunak aipatu zuenez, lur azpian 50 bat metrora egin zuten lana, kasik etzanda, ailegatzeko zaila den eremu batean. Familiako kide guztien hezurdurak ez ezik, haurren oinetakoen kautxozko zolak ere topatu zituzten, baita botoiren bat ere. Urtebete beranduago, Gazteluko hilerrian lurperatu zituzten.

Larunbatean omenaldia
Urtero bezala, gertakari hura gogoan, Sagardia-Goñi familiak Legarreako leizera bisita eginen du larunbat honetan, abuztuak 31. 12:30ean egin dute hitzordua eta irekia izanen denez, nahi duten guztiek parte hartzeko aukera izanen ute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun