Aimar Jabalera eta Julen Larretxea doneztebarrek ere lehen partidak jokatu dituzte profesionalekin

Ttipi-Ttapa 2019ko abu. 5a, 14:00
Hendaian ortziraleko bi partidetako protagonistak. Ezker-eskuin: Ion, Juanenea, Etxeberria III.a, Zeberio II.a, Zubiri, Jabalera, Barricart eta Saldias.

Joan den astean Aimar Saldias oiztarrak jokatu zuen bere lehen partida erremontelari profesionalekin batera. Asteburu honetan, oiztarrak ez ezik, Aimar Jabalera eta Julen Larretxea doneztebarrek ere profesionalekin jokatu dute, ortziralean Hendaian eta igandean Izaban.

Ortziralean Hendaian, nazioarteko erremonte zirkuituko jardunaldia jokatzekoa zen, baina zenbait erremontelarik posible ez zutenez, binakako bi partida antolatu zituzten. Promozio mailakoan aritu ziren Barricart eta Aimar Saldias oiztarra, Aimar Jabalera doneztebarraren eta Aritz Zubiri goizuetarraren kontra. Malerrekako bi pilotariek ez dituzte 18 urte bete oraindik, baina etorkizun handia dutela erakutsi zuten. Azkenean Barricart eta Saldias nagusitu ziren, 35-31. Jabalerarentzat lehen partida izan zen profesionalekin batera eta kosta egin zitzaion partidan sartzea, baina erdi aldetik aitzinera aurrelari bikaina izateko dohaiak dituela erakutsi zuen, klase handikoa baita eta fisikoki ikusgarria, 1,86ko altuerarekin.

Partida nagusian, Zeberio II eta Joxe Jabier Etxeberria III.a doneztebarra, Aritz Juanenea eta Ionen kontra aritu ziren. Partida ikusgarria eskaini zuten, batez ere Juaneneak, eta azkenean, gazteak nagusitu ziren, 33-35.

  

Izaban Nafarroako txapelketa igandean

Igandean, Nafarroako txapelketako partida nagusian errebantxa hartzeko modua izan zuten. Izan erem Urriza ordezkatu zuen Patxi Zeberiok eta Joxe Jabier Etxeberria III.a doneztebarrak 35-34 irabazi zieten Aritz Juanenea saldiastarrari eta Ioni. Beraz, erran daiteke, beteranoan nagusitu zirela oraingoan eta Hendaiako errebantxa hartu zutela.

Promozio kategoriako partidan, Julen Larretxea doneztebarrak debuta egin zuen eta bikain gainera. Barricart aitzineko koadroetan lagun zuela, 35-31 irabazi zien Etxarri eta Arruarteri. Lauetan onena izan zen Doneztebeko erremonte eskolako atzelaria, eta garaipenarekin borobildu zuen gainera. Txapelketa honetan ere aritzekoa da Aimar Jabalera, Aizpuru III.arekin bikote eginez.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun