Profesionalekin batera lehen partida jokatu du Aimar Saldias erremontelari oiztarrak

Ttipi-Ttapa 2019ko abu. 3a, 11:00
Aimar Saldias erremontearekin, Oizko pilota plazan.

Nafarroako promozio txapelketa jokatzen hasi da Aldaberekin batera eta oraindik debutatu ez duten bertze bi doneztebar ere ariko dira txapelketa honetan, Aimar Jabalera eta Julen Larretxea.

 

Aimar Saldias Larraioz oiztarrak, 17 urte bertzerik ez dituela (18 eginen ditu azaroaren 16an) bere lehen partida jokatu du erremontelari profesionalekin batera. Uztailaren 28an Zubirin jokatu zen Nafarroako erremonte txapelketako jardunaldian, promozio txapelketako lehen partidan, Aldaberekin batera 35-25 irabazi zien Beñat eta Larrañagari. Txapelketa honetako hurrengo partida iraileko lehenbiziko asteburuan jokatuko du.

Profesionalekin aritu baldin bada ere, ez du bere burua erremontelari profesionaltzat jotzen. «Enpresatik ez digute deus erran oraindik, pixko bat trebatzeko eta maila pixko bat hartzeko eman digute aukera, ea profesionalen mailan aritzeko gai garen. Gero, ez dakigu zer pasatuko den». Lehen partida hori irabazteak «aritzeko gogo gehiago» eman dio oiztarrari eta profesionala izateko esperientzia bizitzea gustatuko litzaioke.

Etxean ere badu esperientzia erremonte profesionalarekin, Andoni bere anaiak ere 2011n debutatu baitzuen. «Zenbait urtez aritu zen eta duela hiruzpalau utzi zuen», dio anaia gazteak. 

Aimar Saldiasekin batera bertze bi doneztebarrek ere jokatuko dute promozio txapelketa honetan, Aimar Jabalerak eta Julen Larretxeak. Hiruek Julen San Miguelekin entrenatzen dute Doneztebeko erremonte eskolan eta «orain, denboraldia akitzearekin, Iruñetik etortzen zaigu irakaslea».

 

Indarreko erremontelaria

Bere ezaugarriei dagokienez, «indarra pixko bat badut» azpimarratzen du, «baina horrek eragiten du gehiago nekatzea ere eta hori nabari da». Hobetu beharrekoak, berriz, «nire ustez kolokazioan huts egiten dut oraindik, profesionalek indarra ematen diote pilotari eta tokia hartu behar duzu». Anaiak utzi zuenetik Galarretara ez dela joaten aitortu digu Aimar Saldiasek. Laxoan aritzen da Oizko taldearekin eta gazte eta gaztetxo mailan txapela irabazia da. «Bizpahiru urtez haundiekin ere aritu naiz –dio Saldiasek– baina oraindik gazteak ginen, indarrik ez genuen eta ez genuen gauza handirik egin. Aurten bai, final-laurdenetarako sailkatu ginen eta ia finalerdietara ere sartu ginen. Ni sakatzaile aritu naiz, numeroak ere hemezortzi urte ditu eta kuartoak bai, zaharxeagoak ziren, baina ekipo gazteena ginen». Erremontean aritzeko laxoa eskola ona dela uste du Aimar Saldiasek, «posturak eta ikasteko».

Erremontea alde batera utzita, Elizondoko Lanbide Eskolan hastekoa da ikasturte honetan, mekanizatuko erdi graduan. Motozaletasun handia ere badu, “mendiko motoan ibiltzen naiz, baina konpetizioan oraindik ez”, aipatu digu Aimar Saldisek.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun