«Ahal dudan bitartean pilotan jokatzen segitu nahi nuke»

Gurutze Pikabea 2019ko api. 6a, 11:00
Elizalde 2018an Markinan, binakako txapelketako final-laurdenetan.

Naroa ELIZALDE ETXEKOLONEA Zubietako pilotaria

Ttikitatik izan duen pilotarako zaletasuna urrutirago emateko aukera izan du zubietarrak Master Cup txapelketetan. Etorkizunera begira pilotan gozatzen jarraitzea gustatuko litzaioke

 

Ttikitako arantza kendu du Naroa Elizalde Etxekoloneak (Zubieta, 1997). Pilotan jokatzea zen bere ametsa, lagunartean eta lehengusuekin egiten zituen partidetatik urrats bat gehiago ematea. Eta lortu du Emakumezkoen Master Cup pilota txapelketari esker. 6-7 urte zituenetik esku-pilota izan du kirol maitea, bai jokatzeko baita ikusteko ere. Hala pasatu zituen haurtzaroko momentu asko, Zubietako plazan eta eskolako patioan jokatzen eta etxean, amatxirenean edo Herriko Ostatuan partidak ikusten. Ordutik afizioari eutsi dio. Gaur egun, frontoietan dabil. Dagoeneko, promozio mailan, binakako Master Cup txapelketan hiru aldiz parte hartu du eta banakakoan, lau eta erdian, bi aldiz. Iaz, lau eta erdian, finalaren atarian gelditu zen, eta aurten, binakakoan gutxigatik gelditu da finalerdietatik kanpo.

Nondik datorkizu pilotarako zaletasuna?
Horixe galdetu izan diot beti nire buruari. Amaren aldeko osabek pilotan aritzea gustuko omen zuten eta lehengusua ere pilotaria da, Jaunarena leitzarra. Hortaz aparte, gogoan dut Irundik Zubietara bizitzera etorri berritan, 2005ean, Irujok eta Olaizola II.ak finala jokatzekoa zutela eta ama nahiko saltsera denez, bera Aimarren alde zegoela eta ingurukoak zirikatzen ibili zela. Irujo zen faboritoa, baina Olaizolak partidari buelta eman eta 22-18 irabazi zuen. Hortik aurrera pilota partidak ikusten hasi nintzen. Lagunekin plazan jolasean ari nintzela kanporatua izaten nintzenean, ostatura joaten nintzen partidak ikustera. Pilotan jokatu ere orain baino gehiago egiten nuen, lehengusuekin edo edozein herritarrekin aritzen nintzen, zaharragoak ala gazteagoak izan. Eskolan, errekreoetan ere aritzen nintzen; baita DBH eta Batxilergoan ere, ahal nuenean.

«Oraindik ez dut entrenamenduak egiteko errutinarik»

Aurtengo binakako Master Cup txapelketan nola ikusi duzu zure burua?
Aurreko txapelketekin konparatuz, diferentea izan da. Otsailaren 3an bi partida jokatu genituen eta martxoaren 3an beste bi. Beste urteetan, astebururo izaten genituen partidak, eta aurten hilabete batez geldirik egon behar izan dugu eta ez dut txapelketa batean murgilduta nengoenik sentitu.

Nolako maila ikusi duzu promozio mailan?
Promozio mailan askok ematen dugu izena. Hasiberriak direnek, pilotan dabiltzan gaztetxoek eta ttikitan pilotan jarraitzeko aukerarik izan ez eta aukera hori aprobetxatu nahi izan dugunok. Hori horrela, batetik bestera maila aldatzen dela esanen nuke. Hasierako kanporaketetan maila ez da oso altua izaten, baina kanporaketek aurrera egin ahala maila handixeagoa nabaritzen da.

Nola eman zenuen txapelketan parte hartzeko urratsa?
Lehenbiziko aldiz binakako txapelketa zegoela jakin nuenean, 18-19 urte izanen nituen. Parte hartzeko gogoa sentitu nuen, baina aldi berean kezka ere bai, aspaldi ari gabea nintzelako. 12-13 urterekin halako txapelketaren bat zegoela jakin izan banu, poz ederra hartu izanen nuen. Etxean txapelketarena aipatu nuenean, ahizpak, nire harridurarako, elkarrekin izena emanen genuela esan zidan, animatuko zela. Ez zitzaion askorik gustatzen pilota eta ez zen behin ere aritua, baina niri mesede egiteagatik seguruenik, bi aldiz pentsatu gabe argi izan zuen izena eman nahi zuela. Ez banu izenik eman pena sentitu izanen nukeen eta berari esker parte hartzea erabaki genuen. Lehenbiziko kanporaketan kanporatuak izan ginen, baina gutxienez bi partidetatik bat irabazi genuen. Ez ginen gaia oso serio hartuta joan, baina ongi pasatu genuen eta orduko oroitzapen polita dut.

Lehenbizikoz txapelketan jokatu zenuenetik zure jokoak nolako bilakaera izan du?
Lehenbiziko aldiz txapelketan izena eman nuenean, hiruzpalau urte batere pilotan ari gabe izanen nituen, eta partidetara ia pilotan ibili gabe joaten nintzen. Orain, berriz, Lehen Hezkuntzako Gradua egiten ari naiz Gasteizen, eta han nagoela  aprobetxatuz, astean behin asteazkenero pilotan aritzeko elkartzen gara. Deus ez aritzetik pixka bat aritzera eboluzio ttiki bat izan dela esanen nuke, nahiz eta ez naizen askorik aritzen.  Ez dut entrenatzeko errutinarik hartua, ezta lasterka ibiltzeko ohiturarik ere... Egiten dudana nire kabuz egiten dut; mendira joaten banaiz, gustatzen zaidalako egiten dut. Hala ere, gehiago egitea gustatuko litzaidake. Nafarroako pilotari batzuk astean behin entrenatzeko gelditzen dira, eta udan segitzeko asmoa baldin badute, beraiengana joatea gustatuko litzaidake. 

Lehen Mailatik urruti ikusten duzu zure burua?
Bai, oraindik bai. Lehen Mailan ari direnek frontoiko lana beraien egunerokoan sartua dute. Nik, oraingoz, ez dut halakorik egiten. Lehen Mailan aritzeko gutxienez astean bitan pilotan ari beharko nuke. 


Nola ikusten dituzu emakumezkoak pilota munduan?
Emakumezkoen Master Cup txapelketak badu zer hobetua, baina horri esker ikusi ahal izan dugu zenbat emakumezkori gustatzen zaigun pilotan aritzea. Hedabideetan ere ez gara askorik agertzen eta jende asko ez da konturatu emakumezko pilotarien txapelketak ere izaten direla. Baina tira, poliki-poliki egoera hobetzen ari da. Udako festetan, adibidez, gero eta herri gehiago dira emakumezko pilotarien partidak eskatzen dituztenak. Lana badagoen arren, bide onetik doala ikusten dut.

Gizonezkoen parekoa izanen da inoiz emakumezkoen pilota?
Uf! Arront zaila ikusten dut. Gizonezko asko pilotatik bizi dira eta nahiz eta emakumezkoen egoera hobetzeko itxaropena dudan, ez dakit gizonezkoen parera inoiz ailegatuko garen. Emakumezkoontzat pilota lanbide bakarra izateko aukera oraingoz urruti ikusten dut.


Pilotan zure zein ezaugarri nabarmenduko zenuke?
Pilota partida asko ikusi ditudalako edo, aurrean nagoenean ez zait pilotari eman eta eman aritzea gustatzen. Gu ere gantxoak edo dejadak egiteko gai garela erakutsi nahi izaten dut, baina horretarako ausardia behar izaten da. Halakoak entrenamenduetan errazago egiten dira, baina partidetan gehiago kostatzen da. Hortaz, errematatzea gustatzen bazait ere, nire jokotik zerbait nabarmendu beharko banu, defentsa aipatuko nuke. Hasiera batean, aurrelari gisa hasi nintzen eta orain atzera pasatu naiz eta txapelketan hobe ikusi dut nire burua atzean. Seguruago sentitu naiz, atzetik joko guztia ikusten delako.

 

«Partidetan gehiago arriskatu nahi nuke»

Eta hobetzekotan zer hobetu beharko zenuke?
Entrenamenduetan bezala, partidetan ere arriskatzeko beldur hori kendu nahiko nuke. Aurrean sartzeko konfiantza hori falta dut. Horrez gain, ezkerrarekin modu naturalean emateko eta gerria sartzeko posturak hobetu behar ditut. Pentsatzen dudan guztia ongi aterako balitzait partida ederrak aterako litzaizkidake! [irriz].


Zein helburu dituzu pilota munduan?
Egia esan ez dut helburu zehatz zehatzik. Ttikitako arantza hori kentzeko apuntatu nintzen Master Cup txapelketara eta arantza hori kendu dudanez, pozik nago. Hala ere, ahal dudan bitartean pilotan jokatzen eta txapelketetan apuntatzen jarraitzeko asmoa dut, eta helburua txapelketa horietan kantxan gozatzea eta gustura aritzea da. Gustuko dudan horretan gozatzen ahal badut, eta besteek ere disfrutatzeko aukera baldin badute, helburua beteta izanen dut. Eta, beno, behin eskatzen hasita, garaipenen bat iritsiz gero, ongietorria izanen da [irriz].

Erlazionatuak

Naroa Elizalde

Ttipi-Ttapa 2019 api 06 Malerreka   Zubieta

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun