Euriari aurre eginez igandeko karroza desfileak jendetza bildu du aurten ere Sunbillan

Ttipi-Ttapa 2019ko urt. 28a, 09:19

Kolorez eta giroz beteta joan dira inauteriak, eguraldiak lagundu ez badu ere

Sunbillako inauteriak, kolore eta giroz beteta joan dira aurten ere, nahiz eta eguraldiak ez duen sobera lagundu. Igandeko karrozen desfilearengatik dira ezagun inauteri hauek, eta hori aurten ere ikusgarria izan da, baina ortziraletik hasita, asteburu osoan giro bikaina izan dute. 

Igande euritsua izan zuten, baina umorearekin eta irudimenarekin buelta eman zioten eguraldi kaxkarrari.

Betiko hiru karrozek eman zioten irekiera karrozen desfileari. Bertan 150 dozena arraultzeko tortillak, 400 litro salda, gaztainak, 150 litro ardo, taloak eta gazta banatu zituzten ikusleen artean. Segidan, bertze zenbait karroza zetozen: Txinako urte berria irudikatzen zuena, Zugarramurdiko sorginak, akerra, inkisizioa eta txalaparta zituena; Zombie ezkontza irudikatzen zuten neska gazteena; ‘Sunbilla piko eta pala’ karrozak urre-meatze bateko langileak irudikatzen zituen; ‘La casa de papel’ telesailekoa atrakadoreak eta poliziak; Japoniako geishak eta sumo borrokalariak; Sunbillako kaldereroak; ‘Eutsi bordari, sasik hartu antziñin’ karrozak ardi-borda bat irudikatzen zuen, bi hankako eta lau hankako ardiekin, artzainekin eta ardi-zakurrekin; zentral nuklearra eta bertako langileak ere irudikatu zituzten gazte batzuk eta bertze kuadrilla batek, Adams familiaren gaztelu iluna eta familiako kideak irudikatu zituen, ondoan, ‘La niña del exorcista’ bere ohatzean saltoka eta garrasika zutela; desfilea ixteko, guraso eta ume talde batek telebistako Bob Esponja eta itsasoko bere lagunak irudikatu zituen.

Ondoren Ulibeltzak elkarteko bazkarian 80 bat lagun bildu ziren. Aitzinetik, bildotsa eta bi magrak zozketatu ziren. Bildotsa 7.418 zenbakiari egokitu zitzaion (Atarrabian bizi, baina ama sunbildarra duen Iñigo Iruretagoiena Arretxeari suertatu zitzaion); lehenbiziko magra 6.764 zenbakiari (Sunbillan bizi den Jorge Bereau Mazizior aranztarrarentzat) eta bigarren magra 2.466 zenbakiari (gurasoak Sunbillakoak dituen Iruñeko Diego Jorajuria Elizondorentzat).

Honenbertzez, Sunbillan, akitu dituzte inauterietako ospakizunak.

 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun