Aziendek eta lanabesek hartuko dute Merkatu Plaza eta herriko karrikak postuz hornituko dituzte. Guztira 200 salmahai baino gehiago izanen dira; batzuek, urtean zehar ereindako lanaren uzta plazaratuko dute; bertzeek, berriz, egunerako prestatutako gozoak edo jakiak eskainiko dituzte; eta Saharaztan elkartekoek urteroko txokoa hartuko dute, eliz atarian. Berrikuntza gisa, aurten Euskaraldia ezagutzera emateko eta Ahobizi eta Belarriprest gisa egitasmoan izena emateko mahaia ere izanen dute. Postuz postuko bueltan, gaitarien musika entzun eta taloa edo gaztain erreak dastatzeko aukerarik ez da faltako.
Nafarroako aizkora txapelketa nagusia
Nafarroako I. Mailako Aizkora Txapelketaren finala izanen da ikusgai, ortzirale arratsaldeko 6etan Ezkurra pilotalekuan hasiko den jaialdian. 15 euro ordaindu beharko da sarrera eta pilotalekuko sarreran erosteko modua izanen da 16:30etik aitzinera. Iker Vicente (Otsagi), Jon Rekondo (Leitza), Ruben Saralegi (Leitza), Oier Kañamares (Arostegi) eta Joxean Etxeberria (Ziga) ariko dira, norgehiagokan. Lau kana-erdiko, lau 60 ontzako eta bi oinbiko ebaki beharko dituzte.
Nafarroako arpana txapelketa mistoa
Nafarroako arpana txapelketa mistoa ere ortziralean erabakiko da Donezteben Arpanlariek etzanda jarritako 45 ontzako enborrari hamar epai egin beharko dizkiote. Hauek izanen dira lehiatuko diren bikoteak: Itxaso Onsalo (Areso) eta Mikel Eugi (Beuntza); Irune Biurrun (Antsoain) eta Endika Garay (Antsoain); Alba Cobo eta Tasio Ugarte (Antsoain); eta Esti Gastearena (Iruñea) eta Unai Bertiz (Sunbilla) eta Josetxo Barberena (Iraizotz) eta Ainhoa Iraizoz (Eltso)