«Emanaldi hasieran urduritasun puntu bat izaten dut»

Oihana San Miguel, eskuinetik hasita laugarrena, Erreka dantza taldearekin.

Oihana San Miguel, Erreka dantza taldeko kidea

«Dantzatzea, trikitixa jotzea eta lagunekin kontu-kontari aritzea gustuko duen Doneztebeko gaztea» da Oihana San Miguel. Lau urte inguru zituela sartu zen dantza taldean, eta «musika eta dantza» gustuko izaki, hankak eta besoak musikaren erritmora mugiaraziz dihardu oraindik. 

 

Talde lana eta lagunarte bikaina

«Euskal dantzak oinarri harturik, hainbat koreografia sortu eta dantzatzen» dituen taldea da Erreka Dantza Taldea. Gogotik egiten dute lan. Larunbat goizero biltzen dira, zenbaitetan astegunetan ere bai: «emanaldiak hurbiltzen direnean bereziki». Taldekideek adinean aldea izan baduten arren, beraien artean giro «hagitz ona» dute: «elkarrekin ordu aunitz pasa ditugu eta ongi ezagutzen dugu elkar».

 

Urteroko hitzorduak

Urtero-urtero «hutsik egin gabe» bi emanaldi antolatzen dituzte: «Eguberrietan bat eta Doneztebeko bestetan, San Pedro Egunean, bertzea». Bien bitartean, ordea, gehiago ere izaten dituzte. Urrian, erraterako, bi emanalditan hartu dute parte: urriaren 6an Hego haizeak, Ipar doinuak emanaldia eskaini zuten Zugarramurdiko lezean; hilaren 20an, berriz, Baluarten izan ziren Iruñea Kantuan jaialdiaren VI. edizioan. Zugarramurdikoa «berezia»izan zen, «Mendi Abesbatzarekin elkarlanean egin genuelako eta herriko taldeekin parte hartzea polita delako». Ez da, ordea, elkarrekin parte hartu duten lehendabiziko aldia izan: «Eguberriak baino lehenago abesbatzak Donostiako txistulari eta Doneztebeko musika eskolarekin eskaintzen duen kontzertuan ere parte hartu izan dugu».

 

Emanalditik emanaldira atsedena

Udazkeneko emanaldiak akituta, Eguberrietakoak prestatu bitartean, atseden hartzeko eta besta pixka bat egiteko aukera izanen du herriko ferietan doneztebar gazteak. Egun horretan emanaldirik ez izanagatik, lanera joan beharra izanen duenez, arratsaldean hasiko du besta: «lagunekin buelta bat ematea gustatzen zait, talo batek lagunduta bada hobe. Nola ez, beti poltsaren bat edo bertze eramaten dut etxera». Batean txalo zaparradak jasoz eta bertzean ferietako oroigarriak erosiz betetzen du bizipenen poltsa Oihana San Miguelek.

TTIPI-TTAPA da Nafarroa Garaiko mendialdean dagoen euskarazko hamaboskari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aitzinera egiteko.


Izan zaitez harpidedun