«Donezteben ere inguruko abeltzainei deitu eta plazara ateratzeko laguntza eman beharko liekete»

Ttipi-Ttapa 2018ko aza. 14a, 06:30
Andoni Mendiburu aitarekin, behor artean.

Andoni Mendiburu Altzuri, Doneztebeko tratantea 

Ofizioa afizio duen doneztebarra da Andoni Mendiburu. Hamasei urte zituela lotu zitzaion aziendari. «motoa hartu eta bazterrak nahastera joaten nintzen». Ez zen gauetik egunerako aldaketa izan berarentzat, etxean «betidanik» ikusia zuen bizimodu hori: «gure aitzinekoak tratante familia ziren, bai amatxiren aldetik, baita atautxiren aldetik ere». Garai batean, lan gehien «holandar behiekin, haragitako behiekin, piriniarrekin, suitzarrekin eta mestizoekin…» egiten zuten. Orain, berriz, behi-limusina «aunitz» saltzen dute. «Arraza aunitzetako» behiak ibili badituzte ere, «eskualdean piriniar behiak eta mestizoak» dira gehien mugitu dituztenak. «Behiak, zaldiak eta aretzeak» ez ezik, «zerrikume gutti batzuk, ardiak eta bildotsak ere» erosi eta saltzen dituzte. Garai batean, «orain dela hamabotz bat urtera arte», zerriak ere izaten zituzten. Dena dela, batzuk zein bertzeak, «salerosketarako dira, etxekoak ez ditugu izaten».

 

Lanas lepo

Eguneroko martxa finkatua du: «astelehenetan aretzeak bildu eta, gauza bat eta bertzea dela, eguna joaten zait; asteartetan, hemen saldu ez ditudanak Torrelavegara eramaten ditut; asteazken eta ortzegunetan hiltegietara joan edo gidak egin behar izaten ditugu; eta ortzirale eta larunbatak aziendak erosteko baliatzen ditugu». Lan horiek guztiak egiteko, «aitaren eta inguruko lagunen laguntza» izaten du: «azienda garraiatzen, erraterako, aunitz laguntzen didate». Laguntzak laguntza, ez da begira egoten den horietakoa; atseden «guttitan» hartzen du. Are gehiago, aunitzetan asteko zazpi egunak egiten ditu lan: «inguruan aunitzek fabrikan edo eraikuntzan lan egiten dute eta horiek asteburuetan deitzen didate. Igande aunitzetan kargatzera joan behar izaten dut». Jaiegunak hartzeko zailtasunak izaten ditu: «modu bakarra telefonoa itzaltzea eta hemendik alde egitea da».

 

Trabak gaindituz

Gustuko du lana, baina horrek ez du erraza denik erran nahi: «kexak ez dira gutti eta hori jasan behar da». Orokorrean, «haragietako behiekin» ez dute arazorik izaten: «azken batean txorizoak edo hanburgesak egiteko izaten dira eta». Aitzitik, bizirik dauden behiekin jendeak akatsak «nonahi» ikusten dituela gaineratu du: «batek gauza bat duela eta bertzeak bertzea, ordaintzen duten arte dena erreklamazioak dira, aitzakiak». Ordaindu ondotik dator bakea: «orduan hagitz ongi daude eta hagitz onak dira». Horretara jarria badago ere, zenbaitetan «bolada txarrak» izaten dituztela gaineratu du: «orain bera, aretzea arront gaizki dago eta trabak daudenean ona izanda ere ez da begi onez ikusten». Ez da lan erraza eta argi du hori Mendiburuk: «guk ttikitatik ikusi dugu eta badugu horren berri… baina, hutsetik hastera doanak probatu arte ez daki zer den».

 

Plazak ezagutzera emateko gune

Asturiasen, Kantabrian eta Burgosen… ibiltzen da. Eta noski, Euskal Herrian izaten diren azoketan ere ez du hutsik egiten: «Iparraldean, Gipuzkoan eta Nafarroan ere baditut urteroko hitzordu batzuk». Plazak «erreferentzia bilatzeko» baliagarriak dira bere ustez: «zerekin ibiltzen garen eta zer dugun ikusarazteko». Garai batean plazek salmenta gune izaera ere bazuten arren, gaur egun, inguruko plazetan saltzen dena «aitzinetik erdi hitzartutakoa» dela nabarmendu du. Eskualdean ez bezala, Torrelavegan edota bertzelako feria handiagoetan egoera ez da bera: «han garestiago edo merkeago, azienda onak eta txarrak saltzen dira; eta horrek askatasuna ematen digu». Mendiburutarrei inguruko salmenta beherakadak ez die oztoporik eragin. Harat eta horrat joanez, eta harekin eta horrekin mintzatuz, «gero eta gehiago» saltzen dute: «lehen hemen saltzen genuena saltzeko, orain kanpora jo behar izaten dugu: Logroñora, Soriara, Gironara, Salamankara eta Zamorara… joanez, merkatua handitu dugu».

 

Herriko feriak gainbeheran

Duela «hogeita hamar urte inguru» hasi zen herriko ferietan parte hartzen. «Atautxiren aitatik hasi eta nireganaino ailegatu da zaletasuna». Urte horietan guztietan aldaketa handia sumatu du: «hemengo feriak ez dira feriak. Orain dela hogeita hamar urte Doneztebe edo Elizondora 40 behi eramanez gero, 35 salduko ziren». Horren harira, bizimodua bera aldatu dela gaineratu du: «orduan etxe aunitzek zituzten esne-behiak. Gaur egun lau haztegi handi daude eta gehienek ez dute erosten; ez bada bolada txarra izan dutela…». Azienda kopuruan ere beherakada nabaria izan da: «nik oroitzen dudanez, lehen Gipuzkoa aldetik hiru tratante eta Iruñetik bertze bat ere etortzen ziren. Gaur egun, lehengusua eta gu besterik ez gara». Izan dira «25-30 behi» atera dituzten urteak. Orain, ordea, guttiago ateratzen dituzte: «Elizondon, erraterako, 10-15 atera ditugu». Prestaketa-lanetan ere bada alderik: «lehen esneko behiak pasarela baterako bezala prestatzen ziren: garbitu, orraztu… denetarik egiten genuen, gaur egun, prestatu egiten da, baina ez horrenbertze». Edonola ere, udazkeneko ferietan «zaletasuna badela» ikusten du, «jendea biltzen baita». Baztanen, oraindik ere, «gazte aunitz» badenez, feria biziago dagoela uste du Mendiburuk: «Udalak bitartekoak jartzen ditu eta laguntza horiei esker azienda dezente ateratzen da. Donezteben ere hala egin behar lukete, inguruko abeltzain gazteei deitu eta horiek ateratzeko laguntza eman».

 

Etorkizuna inbertsioen menpe

Abeltzainen etorkizunak aukerak izan badituela uste du: «gauzak dezente samar eta balio duten ganaduekin eginez gero, bada aitzinera egiterik».Gehienetan, ordea, ez da hala jarduten: «etxe batzuetara joaten naizenean harrituta gelditzen naiz, aziendetan 40.000 euroko balioa eta makinarian 140.000 euroko balioa ikusten dut. Akatsa hor dago».

 

 

 

 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun