Auzolan taldeak bota du Sunbillako Santiburtzio bestetako txupinazoa

Ttipi-Ttapa 2018ko abu. 13a, 10:35
Txupinazoa bota zuen auzolan taldea, udal ordezkariekin eta kartel lehiaketako irabazleekin. Argazkia: Josetxo Apeztegia

Lehen suziria baino lehen frontenis txapelketako finalak jokatu zituzten eta ondotik asteburu bikaina izan dute

Joan den ortziralean, arratseko 8etan, Santiburtzio bestetako altxaferoa bota zuten. Aurtengoan Auzolan taldeak bota zuen. Kide bakoitzari herriko alkateak, Ametsek herriko zapia jarri zion. Ondoren Luis Manterolak lehen suziria bota zuen eta segidan bere taldekideek baita aurtengo kartel lehiaketan irabazi duten Kristina Elizondo eta Jon Ibarrak ere.

 

 

 

Altxaferoa bota baino lehen, goizean, Frontenis txapelketako finalak jokatu zituzten Sunbillan. Gizonezkoetan txapeldunak Xabier Lazkano eta Julen Juankorena izan ziren, bigarrenak Julen Ibarra eta Iñigo Arrieta eta hirugarrenak Mikel Arrieta eta Haritz Arriola. Emakumezkoetan berriz txapeldunak Aintzane Ibarra eta Amaia Arretxea, bigarrenak Nekane Gartzia eta Ana Gartxitorena eta hirugarrenak Itxaso eta Irati Arrieta.

Arratsaldean haurrendako herri kirolak izan ziren baita txirrindulari proba ikusgarria ere, ea nor azkena iritsi gelditu gabe eta hanka jarri gabe.

 

San Tiburtzio eguna larunbatean

Larunbat goizean argi soinuak gaiteruekin. Ondoren herriko korporazioa eta apaiza, dantzariak, erraldoiak, gaiteroak eta txistulariak lagunduta udaletxetik elizara joan ziren. Han herriko zaindariaren ohorezko meza ederra izan zen bertako abesbatzak kantatua eta aurtengoan, lehen aldiz, herriko hamar dantzarik eliz barrenean aurreskua dantzatu zuten. Ondoren herriko plazan dantzarien emanaldia eskaini zen eta akitutakoan urtero bezala luntxa.

Arratsaldean Ramon Latasaren omenez jaialdi ederra izan zen. XVII urtea da jada jaialdi eder hau antolatzen dela. Urtetik urtera jende gehiago etortzen da. Aurtengoan 660 pertsona bertaratu ziren herrira aizkolari eta txingalariak ikustera pasa den urtean baina 220 ikusle gehiago.

Arratsaldean ere herriko plazan eta berrikuntza moduan Beti Gazteko Lerro Dantza taldeko 50 bat lagunek emanaldi ederra eskeini zuten.

Gauez, berrikuntza bezala, aurten zezen-suzkoa izan zen zubi berrian.

 

Igandean herri-krosa eta Miguel Latasa Memoriala pilotan

Abuztuak 12 igandea, hau ere argi soinuekin hasi zen. Ondoren Ulibeltzak Elkartetik hasita herri krosa izan zen. Honetan ere partaidetza ederra izan zen. Bukatutakoan oroigarriak banatu zitzaizkien parte-hartzaile guztiei baita goxokiak ere. Haur guztien artean baloi kuadrilla bota zituzten eta ondoren luntx eder bat izan zuten. Argazkiak.

Arratsaldean VIII Memorial Miguel Latasa jokatu zen. Bertara ere jendetza hurbildu zen eskuz binakako partidak nola erremonte partidua ikustera. Omenaldi ttiki bat egin zitzaion Sunbillan bizi den Koteto Ezkurra Zunzarreni. Ulibeltzak Elkarteko juntako kideek txapela bat eta herriko zapi bat oparitu zieten. Guante eta erremonteko bere lagunak ere arkua egin zioten. Zorionak Koteto.

Arratsaldean Zumba ere izan zen plazan baita bokatada eta musika ere. Zezen suzkoaz gozatzeko aukera ere izan zen atzo gauean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun