Joan den urtean ustegabea eman, Nazabal-i nagusitu eta lehen aldiz txapela jantzi zuen Vicentek, 19 urterekin. Urtebete beranduago bera zen faborito nagusia eta ez zuen hutsik egin Donezteben, baina beharbada, uste baino estuago lortu zuen, hamar segundo bertzerik ez baitzizkion atera Leitzako Ruben Saralegi lehengusuari.
Iker Vicentek 32 minutu eta 16 segundo behar izan zituen lau kanaerdiko, bertze lau 60 ontzako eta bi oinbiko mozteko eta Ruben Saralegik 10 segundo gehiago (32:26). Jon Rekondo leitzarrak osatu zuen podiuma, irabazletik minutu eskasera (33:15). Finaleko bi beteranoenak denbora gehixeago behar izan zuten. Lezaungo Juanjo Lopezek 34 minutu eta 11 segundo eta Donato Larretxea aranztarrak 36 minutu eta 31 segundo.
Bigarren mailako arpana txapela Berriozarrera
Ez zen eguneko lehia bakarra izan Donezteben, Nafarroako bigarren mailako arpana txapelketa ere jokatu baitzen. Etzanda jarritako 45 ontzako enborrari hamar epai eta zutik jarritako 45 ontzako enborrari lau epai eman behar izan zizkioten bi bikoteek eta hauek ere lehia estua eskaini zuten. Azkenean, txapela Berriozarrera joan zen, Raul Maiza eta Jose Luis Canok 8 minutu eta 32 segundo behar izan baitzuten bere lana akitzeko eta Gerendiaingo Esteban eta Martin Pikabea anaiek 8 segundo gehiago (8:40).
Ezkurra frontoia jendez gainez ageri zen bi txapelketa hauek ikusteko.