Alde batetik produktu ugari ditu: «material elektrikoa, baratze eta lorategirako produktu eta landareak, silikona eta itsasgarriak, sukaldeko tresneria, pellet eta kerosenoa, lanerako arropak…». Bestetik, zerbitzu ugari ere eskaintzen ditu: «pintura zerbitzua makina tintometrikoarekin, garraio lanak furgonetarekin, erreminten alokairua, matrikulak egiten ditut eta edozein motako giltzen kopiak, baita kotxeenak ere».
Orain, berriz, «sarrailagintzan espezializatzen ari naiz, sarraila izorratzen bada aldatu egiten dut eta etxeko giltzak barnean utzi badira atea irekitzen dut. Gehienbat Leitzan ematen dut zerbitzua, baina inguruan ere ibiltzen naiz. Denetik ikustea tokatu zait, emakume bat etxean gaizki zegoen eta atea barnetik itxia zuenez irekitzera joan behar izan nuen, beste batek zartagina suan utzia zuen, igandetan gaueko hamabietan ere deitu izan naute… edozein momentutan joaten naiz, horrelako estualdi momentuetan laguntzea beharrezkoa ikusten baitut».
Azkenik, «oso gustura nago Leitzan bertako jendearekin. Negozioek Internetari aurre egin behar diogu eta zaila da, baina Internetak ezin ditu horrelako zerbitzuak eskaini. Jendeak hori ikusten du, eta zerbitzua eman eta gero dendara etortzen da faborea itzultzeko».