Duela zortzi urte sartu zen lanean «eta orduan gizonezko eta emakumezkoen kopuruaren artean ezberdintasun handia zegoen. Pixkanaka saiatu gara tarte hori parekatzen eta orain lortu dugu emakumezkoak gehiago izatea». Izan ere, «ikastaroetan beti izan dira emakumezko gehiago, baina gimnasioan haien kabuz aritzen zirenak ez».
Horren arrazoia, «alde batetik gero eta kontzienteagoak gara kirolak osasunean duen onuraz, alde guztietan ikusten eta esaten digutelako. Bestetik, kirol errezetarekin lan egiten dugu; gero eta jende desberdin gehiago etortzen da eta gero ahoz ahoko lan hori gertatzen da. Jendeak komentatzen du zein ongi dagoen eta nolako diferentziak nabaritu dituen jarduera fisikoarekin hasi denetik, eta horrek ere jendea konbentzitzen laguntzen du».
Horrez gain, konplexuak gainetik kentzen ari da jendartea; «lehen beti aditzen nuen `hori ez da niretzako lekua', jendeak uste baitzuen kiroldegia halterofilia egiten duten gazteentzako bakarrik zela. Baina hori ez da horrela, eta jendea konturatzen hasia da. Orain adin guztietako emakume eta gizonak ikusten dira, kirolariak eta oso kirolariak ez direnak, denetarik».
Haien kabuz joaten direnentzako ere aholkularitza zerbitzua eskaintzen dute, «hasierako elkarrizketa baten ondotik monitoreak entrenamendua prestatzen die. Bazkidetzako kuotan sartzen den zerbitzua da eta jendeari asko laguntzen dio etortzen, galduta ez sentitzeko».