Amparo Arangoa leitzarra ere torturaren biktima izan zela aitortu du Nafarroako Gobernuak

Ttipi-Ttapa 2025eko abenduaren 10a

1976ko apirilaren 21ean atxilotu zuten Anparo Arangoa eta jasandako kolpeen ondotik egin zizkioten argazkiek oihartzun zabala izan zuten

Aitortza hori jaso duen bigarren leitzarra da Arangoa. Azaroan jaso zuen Jose Maria Alemanek Nafarroako Gobernuaren aitortza ofiziala. Dagoeneko 101 dira 16/2019 foru legearen baitan, giza eskubideen urraketen biktima gisa aitortu dituzten nafarrak. 

1976ko apirilaren 21ean atxilotu zuten Anparo Arangoa eta jasandako kolpeen ondoren egin zizkioten argazkiek oihartzun zabala izan zuten. Gaur, Giza Eskubideen Nazioarteko Egunean, aitortu dio ofizialki Nafarroako Gobernuak torturaren biktima izaera. Beste sei nafarrek lortu dute gaurkoan aitortza: Iñaki Beorlegi Rekalde 1973. urtean atxilotu eta torturatu zuen Brigada Politiko Soziala izeneko polizia sekretu frankistak. Purificacion Galarza Otxoa Guardia Zibilak torturatu zuen 1979an. Javier Perez de Obanos Oiarbide bi aldiz atxilotu eta torturatu zuen Espainiako Poliziak: 1981ean eta 1987an. Pedro de Miguel Caballero ere beste horrenbestetan atxilotu eta torturatu zuen Guardia Zibilak, hamar urteko aldearekin: 1994an eta 2004an. Ane Buitron Zazpek, 1995ean, eta Mikel Soto Nolascok, 2002an, Guardia Zibilaren tratu txarrak eta torturak jasan zituzten.

Nafarroako Torturatuen Sareak eta Egiari Zor fundazioak osatzen duten Egiaren Garaia dinamikak ontzat jo du Nafarroako Gobernuaren ebazpena: «Emandako ebazpenak positiboki baloratzen ditugu, estatu indarkeriak gure lurraldean izan duen eragina agerian jartzeko baliagarriak diren heinean, eta uste dugu, halaber, Nafarroan eta Euskal Herri osoan Estatuak eragindako giza eskubideen urraketa larriak argitzen jarraitzeko ere lagungarri izan behar dutela». 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun