Juan Arangoa Satrustegi

«Torturen errudunak zigorrik gabe goxo-goxo joaten ari dira»

Ttipi-Ttapa 2021ko mai. 8a, 10:00

Juan Arangoak torturen errudunek «inpunitate osoa» dutela salatu du.

1976ko apirilaren 21ean atxilotu zuten Anparo Arangoa eta jasandako kolpeen ondoren egin zizkioten argazkiek oihartzun zabala izan zuten. 45 urte beranduago, orduko kontuez aritu da Juan anaia

G. Pikabea | Leitza

«Irudi hura betiko geldituko zaigu, familiarentzat ikaragarrizko kolpea izan zen, baina Anparori atera zizkioten argazki haiek torturatzen zela baieztatzeko balio izan zuten, aurretik bagenekiena agerian jarri zuten». Halaxe mintzo da Juan Arangoa Satrustegi, Anparo zenaren anaia. Duela 45 urteko kontuez ari da, hunkituta, eta geroztik «denbora asko» pasatu den arren, ez ditu ahaztuak. Gaiaz aritzea «gogorra» egiten zaiola ere adierazi du, baina garbi zuen kontatu nahi zuela, «jendeak zer gertatu zen jakitea nahi dugulako».

Nolakoa zen Anparo gaztetan?

Bost senide ginen, bi neska eta hiru mutil, ni hirugarrena eta Anparo bigarrena, eta neska alaia zen. Lagun asko zituen, txistua jotzen zuen eta mundu guziari bezala, juerga gustatzen zitzaion. Baina aldi berean bere eginbeharretan oso diziplinatua zen. Langile mugimenduarekin oso inplikatua zegoen.

Duela 45 urte, 1976ko apirilaren 21ean atxilotu eta torturatu zuten Anparo. Nola oroitzen duzue gertakari hori familian? 

Denbora asko pasatu da, baina gertatu zena hor dago eta beti hor egonen da. Denoi markatu zigun, baina ez dugu askorik hitz egiten horri buruz...

Lantegi atarian atxilotu zuten... 

Bai, guardia zibilak Sarrio atarira joan ziren bere bila. Aurreko egunean Pako anaia atxilotua zuten Tolosan, eta bagenekien hurrengoa Anparo izanen zela, langile mugimenduan gehien inplikatutakoa bera zelako. Ni ere atxilotu ninduten, baina nire kasuan, Leitzako kuartelera eraman ninduten, ez Tolosara. Galdera pila egin zizkidaten, eta goizaldean han nintzela ikaragarrizko soinuak aditu nituen. Gerora jakin nuen Anparo Tolosatik Leitzako kuartelera ekarri zutela, eta guardia zibilen emazteak bere egoera ikusita aztoratu zirela. Mugimendu handia sortu zen. Bat-batean, guardia zibil bat niregana etorri eta 'igual zu etxera bidaliko zaitugu' esan zidan. Harritu nintzen. Leitzako beste talde bat ere atxilotua zuten eta haiek han geldiarazi zituzten eta ni, berriz, galdeketa egin eta presio pixka bat sartu ondoren, libre utzi ninduten.  

Zer gertatu zen? 

Anparo Tolosako kuarteletik bueltan Leitzara ekarri zuten, baina oso-oso larri. Hain gaizki zegoela ikusita, Leitzako medikuak berak Iruñeko ospitalera eraman zuen, eta medikuaren bitartez jakin genuen ospitalean oso larri zegoela. Arreba zaharrena eta biok joan ginen Iruñera. Inguru guztia guardia zibilez betea topatu genuen eta ez ziguten sartzen utzi. Baina erizain batzuen bitartez nolabait bere gelara sartzea lortu genuen. Txikituta ikusi genuen, ikustekoa zen... Han geundela Jabier Yaben eta Patxi Zabaleta sartu ziren eta gelan zegoen guardia zibila gelatik aterarazi zuten. Anparori egin ziotena onartezina zela esan zuten eta Yabenek argazkiak ateratzeko baimena eskatu zion. Anparok baietz erantzun zion. Aurretik arreba zaharrena argazkiak ateratzeko txukuntzen aritu zen. Izan ere, ikustekoa zen nola zegoen, ileak nonahi zintzilik zituen... Yabenek argazkiak egin eta berehala martxa egin zuen, argazki-kamera kentzeko beldurrez.

Argazki haiek publikatu egin zituzten eta mundu osoan ezagun egin ziren... 

Bai, oso irudi gogorrak dira eta guretzat ikaragarrizko kolpea izan zen, baina aldi berean, torturatzen zela baieztatzeko balio izan zuten. Lehendik ere bagenekien, baina ukatu egiten zuten, eta argazki haiei esker agerian gelditu zen. Argazkiek Anparori egin ziotena ezagun egin zuten, baina egun hartan Leitzako talde oso bat torturatu zuten. Pako anaia eta herriko beste hainbat hiru egunez eduki zituzten eta tortura gogorrak aguantatu behar izan zituzten. Anparoren kasuan, ordea, bera hartzeko hainbesteko gogoa zuten, sei-zortzi orduz txikitu baitzuten, eskutatik alde egin zien.  

2019 urtarrilean sei lagunek, tartean Anparoren izenean zuk, 1975 eta 1976 urteen artean guardia zibilaren Tolosako kuartelean Jesus Muñecas Aguilar kapitainaren aldetik torturatuak izan zirela salatu zenuten Tolosako epaitegian. Zein bide egin du salaketak geroztik? 

Kasua Maria Servini Argentinako epailearen esku dago. Argi genuen gauza handirik ez genuela lortuko, baina jendeak zer gertatu zen jakitea nahi dugu eta horregatik erabaki genuen salatzea. Bidea oso zaila izaten ari da, oztopoak han eta oztopoak hemen. Agerian gelditu da tortura horien errudunak oso babestuak daudela, inpunitate osoa dutela, eta ohean goxo-goxo joaten ari dira inolako zigorrik jaso gabe.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun