1980 eta 2011 artean atxilotu zituzten zazpiak eta «giza eskubideen urraketa larria» jasan zutela ebatzi dute.
Polentzi Goikoetxea Barandiaran, Guardia Zibilak eta Brigada Politiko Sozialak bi aldiz torturatu zuten 1980an; Jose Maria Aleman Zabaleta, Guardia Zibilak torturatu zuen 1982an; Jon Patxi Arratibel Garziandia, Guardia Zibilak torturatu zuen 1997an eta 2011n; Leire Markina Rey, Espainiako Polizia Nazionalak jipoitu zuen 1999an eta Guardia Zibilak torturatu 2001ean; Luis Goñi Lara, Guardia Zibilak torturatu zuen 2008an; Araitz Amatria Jimenez, Espainiako Polizia Nazionalak torturatu zuen 2008an eta Ainara Bakedano Cuaresma. Guardia Zibilak torturatu zuen 2009an.
Nafarroako Torturatuen Sareak eta Egiari Zor-ek abiatutako Egiaren garaia da dinamikak ontzat jo ditu ebazpen horiek, eta estatu indarkeriak azaleratzeko lanetan sakontzera deitu du, «estatu indarkeriari lotutako inpunitatea bukatzeko».
16/2019 Foru Legea baliatuta, 94 pertsona aitortu dituzte ofizialki indarkeria politikoaren biktima gisa. Sei hildako (horietako bat torturaren ondorioz); 61 torturatu; 19 pertsona lesio fisiko eta/edo psikologikoekin; bi pertsona kalte materialekin; torturatutako pertsona bat, lesio fisikoekin eta kalte materialekin; torturatutako pertsona bat kalte materialekin; eta lau pertsona lesio fisiko eta/edo psikologikoekin eta kalte materialekin.