Ttipi Txartela

«Jendeak asko eskertzen ditu bertan egindako produktuak»

Ttipi-Ttapa 2025ko api. 30a, 12:00

Duela 16 urte ireki zuen Mikel Lizarragak Leitzako Ogi berri okindegi eta kafetegia. Geroztik, «pila bat aldatu dira kontsumo ohiturak eta ordutegiak, batez ere pandemiaz geroztik».

Janarien eskaintza ere urteekin zabaldu egin dute, «gure ekoizpen propioak landuz. Garai batean tarta klase batzuk egiten hasi nintzen, gero pizzak egiteari ekin genion, eta orain pasta bereziak ere eskuz egiten ditugu. Ogi Berriren produktuak, opilak, ogia… kalitate onekoak dira, baina produktuak zerorrek egiten dituzunean zuk kontrolatzen duzu zein osagai erabiltzen dituzun, eta jendeak hori asko eskertzen du. Pizzekin gauza bera, dena guk egiten dugu, hasieratik bukaerara».

Horrek, noski, lan gehiago eskatzen du, «eta lanerako jendea bilatzea oso zaila da gaur egun, batez ere esperientziarekin eta euskaldunak izatea. Familia enpresa bat bezala funtzionatzen dugu eta ahal duguna egiten saiatzen gara, baina ezin gara denera ailegatu. Gauzak asko aldatzen ari dira eta egokitu egin behar dugu».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun