Inauteriak 2025

«Arbola doinuarekin gorputz osoa dantzan hasten da»

Ttipi-Ttapa 2025ko urt. 23a, 10:00

Amaia Sagastibeltza ezkerrean, ihauteetako eskean.

«Umorea, alaitasuna, askapena, jendarteko festa» hitz horiek aukeratu ditu Amaia Sagastibeltza Azpiroz leitzarrak ihauteak definitzeko. Lau hitz horietan laburbildu du maite dituen festa horien muina. Etxean ezagutu du umetatik ihaute giroa: «gurasoak atsauretzen ziren eta neroni ere halaxe egiten ninduten. Kontzientzia dudanetik naiz ihaute zalea, oso ihauteri zalea».

Garai bateko oroitzapenak bizi-bizirik ditu oraindik: «eguraldi txarrarekin askotan, baina karrapea jendez lepo, musikarekin lagunduta dantzan eta atsauretu mordoa izaten zen». Leitzarren artean ezaguna den argazkia ere ekarri du gogora: «Josetxo ijitoa (Antimasberes) bertan izaten zen jo eta su dantzan». Orduko atsaureak nolakoak izaten ziren ere nabarmendu nahi izan du: «atsaureak aurpegia estalita: trapu, maskara, adarrak... eta jantziak etxeko arropa zaharrekin, trapuekin eta zarpekin osatuta».

Ihauteen eboluzioa

Pixkanaka, ihauteak ospatzeko beste modu bat hasi zen sartzen: «etxeko trapuez gain, erositako atsaureak ere erabiltzen hasi zen jendea, igandetako desfilea egiten hasi zen eta gu ere taberna giroan gehiago ibiltzen ginen».  Denborarekin aldaketa gehiago ere etorri ziren: «egun bat gehitu eta orain ihauteak larunbatean hasten dira. Igandeko gurdien desfileak ere indar handia izan du zenbait urtetan, azken urte hauetan gurdi gutxiago atera dira, baina bestelakoak hor gaude bor-bor. Atsaureak ere geroz eta gehiago ikusten dira erositakoak eta baserrietako astelehenetako esketik bazkaltzera herrira biltzen dira». 

«Baserrietako eskea da Leitzako ihauteen bereizgarria»

Lau egunez festa

Aldaketak aldaketa, «ahal duen neurrian, topera» bizi ditu Amaiak ihauteak. Horren erakusle da egun horiek egutegian gorriz seinalatuak izatea: «opor egunak jasoak izaten ditut lasai ibiltzeko: larunbat arratsaldean, herriko eskea  usaintzera arrimatzen naiz, honetan gazteak ibiltzen dira-eta.  Igandean, egun guztiko martxa! Astelehenean, eskelariak etxean hartu eta ondoren, ahal badut, neroni ere eskera joaten naiz. Asteartean konpleto: eskera joan, arratsaldean kalejira eta gauean parranda, ihauteak errematatzeko».

Ihaute aurreko egunetan, «ordu ttikietan» aritzen da atsaurea osatzen. Ganbaran edo etxeko armairuetan bilaka edo haria eta jostorratza hartuta oihalei forma ematen: «ahal dudan guztia etxeko arropa eta zarpekin moldatzen saiatzen naiz eta behar bada, osagarriak eta telak erosi eta josten ibiltzen naiz».  Bere esku balego, horixe bultzatuko luke:  «atsaure tradizionalak landuko nituzke gehiago: etxeko arropa, trapu, osagarriekin atsaureak sortzeko ekimena eta orain urte batzuk egin zen bezala Leitzako Zapel haundien atsaureen sorkuntza».

Tradizioak eta berrikuntzak bat egin dute ihauteetan eta hori ere bada festa hauen bereizgarri: «baserrietako eskea berezia dela esanen nuke. Burutazio eta xelebrekeria asko izaten dira eta giro bikaina. Kanpotik etortzen da jendea, baina herritarren artean sortzen den giro berezi horrek egiten ditu berezi ihauteak». Horri lotuta, badira aldatu ez diren ohiturak: «baserrietako eskea oinez egitea, adibidez, zenbait herritan autoetan ibiltzen dira». Musikak ere badu bere tokia ihauteetan eta badira ihaute zaleentzat esanahi berezia izaten segitzen duten doinuak: «Arbola doinua entzuten dudanean gorputz osoa aztoratzen da, hanketatik hasi eta bururaino, atal guztiak dantzan. Horrekin lotuta, momentu berezia da, eskean ibilitako guztien elkartzea eta elkarrekin herrira sartzea».

Gainera, nabarmendu du ahalegin handia eta gero, astelehenetako baserrietako eskea, herrira garaiz iristea lortu izana «txalogarria» dela: «ohitura honi eutsi nahi badiogu nahitaezkoa da alde guztiak kontuan hartzea. Eskean gabiltzanean, oso kontuan eduki behar dugu, baserritarrek etxeko ateak irekitzen dizkigutela/ditugula, sukalderaino sartzeko konbitearekin, hortaz, errespetuz jokatu behar dugula inguruan dugunarekin, ohiturak segiko badu».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun